San Fermin jaietara joateko ametsa bete du Fermin Etxebarriak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko uzt. 14a, 11:55

Fermin Etxebarria Iruñean, familiarekin.

Bizitzari zukua ateratzen dion horietakoa da Fermin Etxebarria. Uztailaren 7an 95 urte bete zituen, San Fermin egunez. Eta, bizitzan behin ez bada ere, San Fermin jaiez gozatzeko ametsa zuen, Iruñera joan eta San Fermin jaiak bertatik bertara bizitzea.

Bada, behin bakarrik ez, birritan izan da Iruñean asteon. Pozik dago, eta esan du gehien gustatu zaiona zezen-plazako giroa izan dela. Giro polita zegoela dio; hala ere, estualdia pasa zuela horrenbeste jende bigantxen aurrean plazan ikusita. Kaleko giroa ere gustatu zitzaion, eta bazkalostean familia artean izan zuten giroa... "Asko disfrutatu" zuela dio Etxebarriak.

Zapia eta gerrikoa

Zapatuan, uztailaren 8an, joan ziren Iruñera Fermin Etxebarria eta familiako beste hamar kide. "Aspaldi esana zuen haren ametsa sanferminetara joatea zela; baina, orain dela hilabete batzuk, Herri txiki, Infernu handi telebista saioan publikoki esan zuen, eta familian pentsatu genuen aurten bai, egin behar genuela", azaldu du Etxebarriaren familiarteko Garazi Erizek –Etxebarriaren ilobaren alaba da–. Zapatuan 04:00retan elkartu ziren Aramaion eta Iruñera abiatu ziren. 06:00etan plazan zeuden, lekua hartuta. Entzierroaren amaiera ikusi zuten, eta baita ondoren egoten diren bigantxak ere. "Bi ordu lehenagotik egon arren, izugarrizko giroa dago plazan: musika bandak, txarangak...", dio Erizek. Zezen-plazatik irten ondoren, Iruñean hain ezaguna den el almuercico egin zuten ondoko taberna batean. "Pintxoa, kafea... hartu genuen, 09:30 inguruan; egia esan, zorte handia izan genuen. Zezen-plaza ondoko taberna batean topatu genuen lekua", dio.

Entzierroaren ibilbidea

Behin tripa ondo beteta, Iruñeko kaletan ibili ziren, eta egin beharrekoa den entzierroaren ibilbidea ere ikusi zuten: Estafeta kalea, Mercaderes, udaletxeko plaza eta Santo Domingoko aldapa. "Santua ikustera ere joan ginen", gehitu du Erizek. Iruñeko giroa ikusteko aukera izan zuten; kaleetan barrena ibili ziren eta jaiez gozatu zuten. Goiza han pasatu ostean, bazkaltzera Araiara joan ziren: "Gurekin etorri zen herriko lagun bat, akordeoia jotzen duena, eta bazkalostean Zorionak abestia kantatu genion".

Pozik eta eskertuta

Familiartekoek nabarmendu dute Etxebarriak gozatu egin zuela. "Eskertuta zegoen haren ametsa bete zuelako", dio Erizek. Eriz bera ere eskertuta dago osabaren ametsari esker hark Iruñeko jaiak ezagutu dituelako: "Ez zait jendetza gustatzen, baina oso ondo pasatu nuen zapatuan". Etxebarriarendako zapatuko jaia lehenengoa izan zen, baina ez azkena. Izan ere, eguaztenean, uztailaren 12an, berriro ere joan zen Iruñera. Lagunekin elkartu zen Aramaion; Iruñean zezenak ikusten egon ziren ukuiluan, eta, bazkaldu ondoren, zezenketa ikustera joan ziren Iruñeko zezen-plazara.

95 urte beteta ditu, baina sasoi betean dagoela erakutsi du, beste behin, Etxebarriak; eta 2024an ere ondo egonez gero eta osasunak lagunduz gero San Fermin jaiez gozatzeko asmoa erakutsi du aramaioarrak.

Familiaren babesa

Arraga auzoan bizi da Etxebarria; bederatzi anai-arrebatik zaharrena da –egun, lau geratzen dira bizirik–. Iloben eta gertukoen babesa izan du beti Etxebarriak. Horren adibide da 2018ko uztailean iloben partetik jaso zuen oparia: Aramaio eta inguruak abioneta batetik ikusteko aukera. Anaia gazteenarekin, Fernandorekin, igo zen abionetara esperientzia polit eta berezi hori bizitzeko. Erizek dio osaba osasuntsu dagoela, eta eurak ere pozik daudela haren ametsak bete dituela ikusita. Hala ere, barrez dio: "Ez dezala esan Annapurna edo Everest igo nahi dituela!".

Jarrai dezala urteak betetzen eta amesten, ametsak betetzeko daude eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak