Gaur hasiko dira Aramaioko San Martin jaiak: 19:00etan jaitsiko da Anboto Mari menditik udaletxeko balkoira. Horrekin batera, txupinazoa botako dute. Maiatzaren 28an ateak itxi zituen Dukiena jatetxeko arduradun Edurne Isazelaiak eta Dioni Elorzak izango dute aurtengo jaietako txupinazoa botatzeko ardura. "Sorpresaz hartu genuen txupinazoa botatzeko gonbidapena; ez genuen espero", dio Isazelaiak. Pozik daudela eta horrelako gonbidapen batek ilusioa egiten duela gehitu du hark. Gaurko ekitaldirako ez dutela "ezer pentsatu" gehitu du; momentua gozatuko dute. Txupinazoaren ondoren, pregoia irakurtzeko ardura izango dute udal ordezkariek.
Ume jaioberriak
Azken urteetako ohiturari eutsiz, azken hamabi hilabeteetan Aramaion jaio diren umeak omenduko dituzte jaietan. Domekan izango da ekitaldia: herriko ume jaioberriei harrera egingo zaie elizako eskaileretan, 18:15ean; eta, ondoren, 18:30ean, ongietorria plazan. 2022ko jaietatik gaur arte lau haur jaio dira Aramaion. Udal arduradunek egindako agurra eta opariaren ondoren, Lagun Artean dantza taldeko kideen emanaldia etorriko da. Egunerako propio prestatu dituzten dantzak erakutsiko dituzte herritarren aurrean. "Gure hausnarketak plazaratu nahi ditugu dantzaren bidez, eta ikusle bakoitzak egin dezala bere irakurketa", azaldu du dantza irakasle Oihane Vicentek. "Aurtengo emanaldiak gure historia kolektibo eta indibidualarekin zerikusia du", gaineratu du. 59 dantzari aterako dira plazara, sei taldetan banatuta: talde bakoitzak bere dantza estiloa eta mezua zabalduko du.
Julen Axperen bakarrizketa
Furgonetarekin etorriko da Julen Axpe otxandiarra Aramaiora: bakarrizketak egiten dihardu, furgoneta agertoki duela. Bada, ordubete inguru iraungo duen bakarrizketa egingo du. "Hasieran, adarra jotzen ibiltzen naiz ikusleei, eta hortik ateratako informazioa baliatzen dut inprobisatzeko", dio Axpek. Euskaraz izango da bakarrizketa, domekan, 22:00etan.
Lehiaketak eta afaria
Bihar, zapatua, patata-tortilla txapelketa egingo dute, 12:00etan. Antolakuntzak jarriko ditu patatak, olioa, gatza eta arrautzak; eta norberak eraman beharko du sua. Jatekoa eta edatekoa ez da faltako jaietan; izan ere, domekan, 20:00etan, Eusko Label parrillada egingo dute plazan. Pintxoak salduko dituzte. Jaietako azken egunean, astelehena, herri afaria egingo dute plazan, 21:30ean. Txartelak 20 eurotan eta 10 eurotan –umeak– saldu dituzte. Aukera begetarianoa ere badago; nahi duenak udaletxean egin beharko du eskaera. Aramaioko jaietan asteleheneko afarira mozorrotuta joateko ohitura dago; bada, afalostean mozorro onena sarituko dute; eta baita parrandazale onena ere.