Parke eolikoaren gainean Udala egiten dabilen ekintzen berri emango dute biharko deliberazio jardunaldian

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko eka. 9a, 09:27

Herritarrak martxoan egindako batzarrean.

Aramaioko Udalak parke eolikoaren inguruko deliberazio jardunaldia deitu du. Aztiker Soziologia Ikergunearekin elkarlanean egiten dabiltzan prozesuaren bigarren pausoa izango da biharko batzarra. 09:30etik 14:00ak bitartean izango da jardunaldia, eskolan.

Jardunaldian parte hartu nahi duenak izena aurrez eman beharko du. Horretarako hiru bide daude: labur.eus/aramaiojardunaldiak atarian dagoen galdetegia beteta, iariztimuno@aztiker.eus helbidera idatzita edo 688 64 80 40 zenbakian.

Proiektuaren argitalpena

Maiatzaren 11n argitaratu zuen Statkraft enpresak Itsaraz parke eolikoaren proiektua. Gaur egun, proiektuari alegazioak jartzeko epea irekita dago. Hori horrela, batzarraren asmoetako bat da Udala egiten dabilen ekintzen informazioa ematea. Deliberazio jardunaldiak hiru puntu nagusi izango ditu: argitaratu den proiektuaren aurrean Udala egiten ari den ekintza-multzoaren berri ematea; Aztikerrekin egindako ikerketaren lehenengo diagnosiaren emaitzen berri ematea; eta deliberazio ariketa egitea: Zer estrategia eta ekintza jorratu ditzake Udalak Parke eolikoaren proiektuaren aurrean?

Udalak eta Aztikerrek herritarren ekarpena garrantzitsutzat jo dute; izan ere, Udalak nahi du parkearen lanketa herri adostasunez eta bermearekin egitea.

Imajinario konpartitua

Martxoaren 22an egin zuten lehen batzarra herritarrekin. Ordutik herritarren iritziak jasotzen ibili dira Aztikerreko teknikariak. "Banakako eta taldekako diagnosiak egin ditugu, profil askotariko herritarrekin", azaldu dute Aztikerreko teknikariek. Biharko saioan gaiaren inguruko diagnosia eta lan ildo aukerak aztertuko dituzte. Orain arte egindako elkarrizketetan sumatu dituzten herri lanketarako ildo nagusien baitan landuko dituzte proposamenak: "Mahai ezberdinak sortuko ditugu eta imajinario konpartitu bat sortzea izango da asmoa; ez dadila izan Udalak goitik behera ezarritako zerbait". Aztikerreko teknikariek hauxe gehitu dute: "Helburua da lankidetza eta hausnarketa kolektiboa aktibatzea eta lantzea".

Alegazio epea

Alegazio epea luzatzeko eskaera onartu egin diote Udalari; herritarrek ere eska dezakete luzapena Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak