Miren Agur Meabe idazlearekin solasaldia izango dute gaur Sastiñan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko eka. 5a, 09:59

Irakurle Klub Feministak ikasturteko azkeneko saioa izango du gaur: Miren Agur Meabe idazlearekin Begiak zerumugan poesia liburua aztertuko dute. 18:00etan Sastiñan izango da saioa.

Irakurle Klub Feministaren azken saioa egingo dute gaur, ekainaren 5ean, astelehena. Miren Agur Meabe idazle lekeitiarra izango da gonbidatua; hain zuzen, Begiak zerumugan lana aztertuko dute.

Irkurle Klubeko dinamizatzaile Ainhoa Aldazabali egindako elkarrizketa:

2018-2019ko ikasturtean jarri zenuten martxan irakurketa taldea. Nolako ibilbidea izan du?

Taldera datozenen arrazoiak antzerakoak izaten dira beti: irakurleak dira eta feministak dira. Jendearengan badago, nolabait, irakurtzen den hori partekatzeko gogoa. Hori da aldatu ez dena; aldatu dena da taldearen tamaina. Hasieran, oso talde txikia zen, eta, urtetik urtera, jende berria etorri eta taldea handitu eta egonkortu egin dela esan daiteke.

Urte horietan guztietan ze erronka izan dituzue?

Nire erronka bakarrik ez, guztien erronka izan da taldea aurrera ateratzea. Poz handia ematen du talde handia izateak, jende gutxirekin oso murritz gera daiteke eta. Emakumeen liburuak irakurtzen ditugu, feministak direnak edo begirada feminista dutenak. Hain zuzen ere, urtetik urtera taldea handitzen joateak erakusten du badagoela interesa gaiaren gainean, eta zentzua ematen dio taldeari.

Zein da taldearen helburua?

Batetik, irakurtzen gozatzea; eta esango nuke baita irakurtzen ikastea ere. Begirada zorroztu egin behar da: liburua kokatu egin behar da bere testuinguruan, modu kritikoan, beste liburu batzuekin alderatu; askotariko genero literarioak aztertzen ditugu; euskal literaturan sakontzea ere bada helburua, eta pentsamendu kritikoa sakontzea, hausnartzea... Taldeak ibiltaria izan behar zuen, Kuadrilla mailakoa, baina aramaioarrak bakarrik apuntatu ziren.

Nolako liburuak irakurri dituzue aurtengo ikasturtean?

Irakurri dugu Nobel saria irabazi duen Annie Ernaux idazle frantziarraren lana, abortuari buruzko autobiografia. Irakurri dugu Ana Malagonen Lasai ez da ezer gertatzen. Pipi Kaltzaluze irakurri dugu; denok ezagutzen dugu telebistako seriea, baina ez horrenbeste liburua. Bada, autorea kokatu egin dugu testuinguruan. Astelehenean Miren Agur Meabe izango dugu: poesia ilustrazioekin ekarriko digu… oso estimulatzailea da.

Begiak zerumugan lanak ze jorratzen du?

Ez da gai konkretu bat, metafora bat da, bidaia baten metafora da. Hasieran, iparrorratza dago, eta, ondoren, irudien eta koloreen bitartez bidaia argitzen doa. Pertsonaia batek egiten duen bidaiaren metafora da; hainbat estadiotatik pasatzen dena. Ez da kontatzen zergatik hasi duen bidaia eta nora helduko den, fisikoki. Bidaiaren metafora da.

Nolako ekarpena egin dio Miren Agur Meabek literaturari?

Idatzi du poesia, nobela, kontaketa, autofikzioa, haur eta gazte literatura… Oso aukera zabala dauka, eta hori ez da erraza. Esku handia behar da horretarako. Horretaz gain, badauka oso begirada zorrotza, oso poetikoa, eta gai asko jorratzen ditu baina oso modu dotorean; dotoretasuna bada haren ezaugarri inportantea. Lehena izan zen euskaraz klitori hitza idazten. Solasaldira idazlea bera etorriko da.

Nolako ekitaldia izango da astelehenekoa?

Solasaldi moduko bat izango da. Taldekideek liburua irakurri dute, edo orain dabiltza irakurtzen. Ni egongo naiz galderak egiteko, eta liburuaren aurkezpen moduko bat izango da. Irakurketa elkarrekin egingo dugu, liburuaren sakontasuna ikusteko. Sinbolismo handia dauka, irudiak… ez dago ezer nahi gabe jarrita. Kapitulu bakoitzetik hainbat pasarte aukeratuko ditu idazleak, eta horiek irakurriko ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak