Aramaioko Udalak salatu du legealdiko azken asteetan parke eolikoaren gainean jasaten ari diren "erauntsia". Ohar bidez plazaratutako adierazpenean adirazi dute ez duela "izenik" Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala maiatzaren 11n aurkeztu izanak: "Udalek 4 urteko zikloa amaitu eta berria hasiko duten honetan, alkate eta zinegotzi aldaketa fasean, hau aurkezteak ez dauka ez hanka ez bururik, eta herritarrok beraien udalerriko instituzioen bidez edozer esan edo alegatzeko aukerak asko murrizten ditu".
Horrez gain, Aramaioko kasua deigarria egin zaie: "Enpresa konkretu batek egin nahi duen parke eolikoa bere horretan jasotzea lurralde antolamenduan. Eusko Jaurlaritzak zer egin du, enpresen araberako lurralde antolamendu bat? Zentzu honetan, gure ustez, lurralde antolamendu batek gauza asko hartu behar ditu kontuan, eta ez soilik enpresa baten edo besteren interesak". Gainera, salatu dute Statkraft-ek Itsaraz parkearen proiektua aurkeztu berri duela: "Beraien baliabideak aprobetxatuz, ahal dutena azkartu nahi dute, jendeari eta udalerrioi eperik eman gabe, gauzak ganoraz eta bere osotasunean aztertu eta gure interesak defendatzeko".
Herritarren iritzia
Herritarren iritzia jasotzeko hasita daukan prozesua bukatuko duela nabarmendu du Aramaioko Udalak: "Jasotzen denaren arabera, udaletxeak irmoki defendatuko ditu herritarren nahiak. Beste alde batetik, Udalak, Aramaioko herriaren eta herritarren interesak eta ongizatea babesteko, juridikoki eta teknikoki dena aztertzen ari dela eta behar beste alegazio tekniko egingo dituela adierazten du".