Produktu ekologiko ugari aukeratzeko, Lorabarri azokan

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko mai. 13a, 17:02

Jende ugari batu da Lorabarri azokara. Argazkia: Iñigo Barrena

Lorabarri astearen barruan azken ekintza izan da gaur goizean herriko plazan jarri duten azoka. Herriko zein kanpoko dozena bat ekoizle izan dira euren produktuak saltzen, eta herritarrak ere hurbildu dira azoka bertatik bertara ikustera, zein erosketaren bat edo beste egitera.

Bixente Goikoetxea plazan egin den Lorabarri Azokak eman dio amaiera aurtengo Lorabarri asteari Aramaion. Eguraldiaren mehatxupean izan diren arren, ez du euri askorik egin eta horrek lagundu du herritarrak plazara gerturatzea. Aste osoko egitarauaren ostean Lorabarriko antolatzaile Irati Mujikak balorazio ona egin du: "Hamaikagarrenez egin dugu Lorabarri astea eta aurtengoan ere ekintza guztiak arrakastatsuak izan dira, beraz, pozik gaude".

Azokara hurbildu direnak izan dute bai non aukeratu eta erosi. Azoka honetan, ekoizle ekologikoek hartzen dute parte eta aurtengoan, guztira, Aramaioko zen Euskal Herriko beste txoko batzuetatik etorritako hamabi ekoizle izan dira. Askotariko produktuak ekarri dituzte, besteak beste, nekazaritzako produktuak, landareak eta loreak, sagargintza ekologikoa, barazki ekologikoak edo bizitzarako belarrak. Garrantzia eman nahi izan dio Mujikak horrelako azokak egoteari: "Ekoizleekin eta kontsumitzaileekin zuzeneko zubiak eraikitzea gustatzen zaigu eta horretarako oso garrantzitsuak dira horrelako tokiak guretzat. Aramaoiko ekoizleei lehentasuna ematen diegu, baina kanpotik ere izaten ditugu gonbidatuak".

Ekoizleak gustura

Ekoizleak eurak ere pozik agertu dira egunak eman duenarekin. Esaterako, Hasier Lizarralde, Lizagasar sagargintza ekologikoko enpresako kideak, gonbita jaso zuen antolatzaileen aldetik: "Aldizkari batean izan zuten gure berri eta kuriositatea eragin zien egiten genuenak. Gonbita jaso genuen eta pozik etorri gara Aramaiora". Miriam Arrizabalaga, Millorri, lurrari lotuta lan egiten duen kolektiboko kidea da eta duela gutxi hasi dira azokatan parte hartzen; Aramaion gustura sentitu dira: "Duela gutxi eman dugu azoketarako saltoa eta ilusioz hartzen dugu, azken finean, guri ere jendearekin egon eta guk zer egiten dugun azaltzea gustatzen zaigu".

Azokaz gain, Ta argiya iñ zan instalazio artistikoa egon da ikusgai, Eli Pagola eta Ainhoa Gutierrez del Pozo sortzaileen eskutik. 16 milimetrotan filmatzen duen kamara batekin grabaketak egin zituzten; Hernaniko paper-fabriketatik hasi eta Leitzakoetaraino, hamabost fabrikatan ibili ziren grabaketa lanetan. Helburua da Urumeako zentral hidroelektrikoen gaineko gogoeta egitea

Bigarren eskuko azoka

Lorabarri azokaren barruan Aramailur Kontsumo Elkarteak bultzatuta, bigarren eskuko azoka egon da. Herritarren laguntzarekin egin dute material bilketa eta gaur, prezio sinboliko batean saldu dituzte produktuak. Jasotako asotako dirua Aramaixo Bizirik elkartea laguntzeko izango da

Erlazionatuak

Lorabarria azoka iruditan

Iñigo Barrena Kortabarria 2023 mai 13 Aramaio

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak