Instalazio artistikoa eta azoka, astea amaitzeko

Miren Arana Pagaldai 2023ko mai. 12a, 10:02
2022ko Lorabarri azokan bertako produktuen salerosketa.

Lorabarri astea bukatzeko, gaur Santiñan eta bihar Lorabarri azokan 'Ta argiya iñ zan' instalazio artistikoa egongo da; azoka bixente goikoetxea plazan izango da bihar. Bertako produktu ekologikoez gain, bigarren eskuko azoka ere egingo da

Bukatzear da aurtengo Aramaioko Lorabarri Astea. Egun hauetan Energia berriztagarria komunitatearen zerbitzura mahai-ingurua, gibel garbiketari buruzko saioa eta Uxue Urzelaik bideratutako Hilerokoaren zikloa eta oihalezko konpresen sorkuntza tailerra egin ostean, asteari amaiera emateko, gaur eta bihar Ta argiya iñ zan instalazio artistikoa eta bihar Lorabarri azoka eta haren baitan bigarren eskuko azoka egingo dira.

ZENTRAL
HIDROELEKTRIKOEN

GAINEKO IKUS-

ENTZUNEZKO

GOGOETA IKUSGAI

Beste behin, Lorabarri Astean toki berezia hartzen dute energia berriztagarrien gaineko gaiek. Joan den maiatzaren 4ko errotei buruzko mahai-inguruaz aparte, oraingoan erakusketa berezi bat ere izango da ikusgai: gaur 19:30ean Santiñan eta bihar azokan, Ta argiya iñ zan instalazio artistikoa, Eli Pagola eta Ainhoa Gutierrez del Pozo sortzaileen eskutik. 16 milimetrotan filmatzen duen kamara batekin grabaketak egin zituzten; Hernaniko paper-fabriketatik hasi eta Leitzakoetaraino, hamabost fabrikatan ibili ziren grabaketa lanetan. Helburua da Urumeako zentral hidroelektrikoen gaineko gogoeta egitea: ibaiko zentral hidroelektrikoen potentzialari buruzko datuak eman eta energia berriztagarri horrek ibaiko bioaniztasunean dituen inpaktuak azaltzeko hainbat grabaketa egin eta erakustea.

Zientzia eta artea nahastuz, zentral hidroelektrikoen errentagarritasuna, ondorioak eta inpaktuak azaltzen dituzte: arrain migrazioari buruzko 3 minutuko film labur baten bidez.

BIGARREN ESKUKO
AZOKA,

KONTSUMOAREN

AURKAKO

ALTERNATIBA

Ohitura aldaketak

Ohiko Lorabarri azoka izango da amaierako protagonista, Bixente Goikoketxea plazan; 11:00etatik 14:00etara egingo da. Aramaioko produktuen azokan Euskadiko ekoizle ekologikoek hartzen dute parte, eta "bertakoak eta ekologikoak" diren produktuak eskainiko dituzte. Gainera, Aramailur Kontsumo Elkarteak bultzatuta, bigarren eskuko azoka ere egongo da; nahiz eta bereziki elikaduran zentratutako elkartea izan, beste produktu batzuen kontsumorako alternatiba bat eroango dute aurten, eta horretarako egin da bigarren
eskuko azoka.

Lorabarriko antolatzaile Irati Mujikak azaldu du azoka kontsumo ohiturak aldatzeko ekarpen bezala ulertzen dutela: "Ekarpen bat bezala ulertzen dugu; bereziki, kasu honetan, janzten dugunari lotuta. Zer janzten dugun eta horren atzean zer edo nor dagoen ezagutzea garrantzitsua da, gehienetan indarkeria baitago atzean. Bigarren eskuko azoka alternatiba bat da, kontsumoaren aurkako alternatiba".

Bigarren eskuko azoka aurrera eramateko material bilketan beharrezkoa izan da herritarren laguntza. Egoera onean eta erabilgarriak diren produktuen eskaera eginda, ekonomatuan batu dute salmentarako materiala: neurri eta adin guztietarako arropa eta osagarriak; haurrentzako patineteak, bizikletak, haur-aulki altuak eta erabilgarri dauden jostailuak eta materiala; baita etxetresnak ere –sukalderako direnak, batik bat–.

Diruarekin zer?

Prezio sinbolikoan salduko dira produktuak, eta jasotako dirua Aramaixo Bizirik elkartea laguntzeko izango da. Gainera, salmentarako baliozkoa ez den guztia –apurtuta dagoena edo oso zaharkituta– birziklatu egin da. Sortua dagoen material horri bigarren aukera bat emateko "aukera bikaina" da azoka, Lorabarriko antolatzailearen esanetan: "Gutxiago kontsumitzeko horrelako azokak edo trukeguneak sortzea ekarpen ona dela uste dugu".

Horrekin guztiarekin, filosofia horrekin jarraitzeko, saltzen ez den baina erabilgarria den material guztia Emaus-era eramango dute azokaren ostean.

Azokako postuak eta produktuak

Postu eta produktu hauek egongo dira bihar, zapatua, Aramaion, Lorabarri azokan –bertakoak eta ekologikoak–:
Arbel nekazaritzako produktuak, landareak eta loreak.
Ibabe artzai-gazta.
Maduixa gorria: latxa artilea.
Gardoki eztia.
Euzki ogi ekologikoa.
Lonbide barazki ekologikoak.
Ona olio ekologikoa.
Lizagasar sagargintza ekologikoa.
Milorri bizitzarako belarrak.
Aleka Euskal Herriko hazi ekologikoak.
Xaboi punpuila xaboiak eta kandelak, produktu naturalekin.
Kondaira garagardoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak