Iban Herrarte Arana: "Datozen erronkei aurre egiteko prest dagoen taldea osatu dugu"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko mai. 18a, 07:00

Iban Herrarte, Aramaion.

Lau urte egin ditu zinegotzi karguan Iban Herrarte Aranak; maiatzeko udal hauteskundeetan, aldiz, EH Bilduren Aramaioko alkategaia izango da. Adostasunetara iristeko malgua dela dio.

Kostata baina atera duzue zerrenda. Nork konbentzitu zaitu zerrendaburu joateko?

Zerrendak egiterakoan taldeak proposamena luzatu zidan; denek zekiten gaur egungo agintaldiko kideetatik nik bakarrik jarraituko nuela, gustura egon naizelako. Proposamena egin zidatenean etxean komentatuko nuela esan nuen; izan ere, erabakiak pisua du. Seme gazteak ditut... baina, etxean, denok konforme zeuden. Emazteak esan didan bakarra da etxera ez eramateko haserrerik ezta arazorik ere.

Zure ustez, zergatik kostatu da hainbeste zerrenda osatzea?

Ikusi dugu herri askotan gertatu dela hori, orokorra izan da. Gaur egungo gizartea gero eta indibidualistagoa dela ikusten dugu. Arazoa ez baldin bada oso potoloa, gizartea ez da mugitzen. Gainera, argi genuen zerrenda osatzeko Aramaioko jendea behar genuela. Horrek asko mugatzen du. Kosta zaigu, bai, zerrenda osatzea; baina ez Aramaion bakarrik; baita, beste zerrenda batzuetan ere. 

Udaleko lana ezagutzen duzu. Zerk erakartzen zaitu gehien?

Politena da proiektu askotan herritarrekin elkarlanean jardutea: batekin berba egin, bestearekin... elkarlan horretan herritarrekin lan egin eta ondoren proiektuak amaituta ikustea. Ni azkeneko 20 bat urteetan bizi naiz Aramaion eta azkeneko lau urte hauetan jende mordoa ezagutu dut.

Denon gustua egitea oso zaila da, baina gustatzen zait oreka bilatzea. Hala ere, parean dudanak malgutasun maila bera erakutsi behar du

Politika egiterakoan, adostasunetara iristea garrantzitsua da. Zu nolakoa zara arlo horretan?

Ni berez malgua naiz. Muga batzuk ipinita, oreka topatzea gustatzen zait. Denon gustua egitea oso zaila da, baina gustatzen zait oreka bilatzea. Hala ere, parean dudanak malgutasun maila bera erakutsi behar du. 

Zer egiten duzu denbora librean? Zeintzuk dira zure zaletasunak?

Mendian ibiltzea asko gustatzen zait. Orain bizikletarekin ere hasi naiz: hemen inguruko mendietan ibiltzen naiz, bai oinez eta baita bizikletan ere. Azken urteetan beste zaletasun bat ere ezagutu dut: hockeya. Bi semeak ari dira Burdinola irristaketa elkartean, eta baita Gasteizko Bipolo izotz hockeyan ere. Entrenamenduak direla, partiduak... asteko bost egunetan dugu zerbait hockeyarekin lotuta. Nik orain ezagutu dudan kirola da eta esan behar dut guztiz harrapatu nauela.

Ideologikoki nola definitu zenuke zure burua?

Batez ere solidarioa esango nuke. Bestalde, euskaltzalea naiz, asko arduratzen nau euskararen egoerak; eta, abertzalea eta ezkertiarra.

Zuenean, zeinek egiten ditu etxeko lanak?

Etxe askotan moduan, gurean ere emazteak hartzen du pisu handiena. Gai horretan badugu non aurreratua. Nire alea jartzen dut, baina ez noa gezurrik esatera, pisu handiena Nuriak hartzen du.

Herri txikia garen aldetik gero eta murrizketa gehiago ditugu: zerbitzu aldetik, banketxea, Correos, medikua... herri kontzientzia hartu behar duen herria da

Nola ikusten duzu Aramaio?

Landagunetik datorren herri txiki bat da Aramaio, tamalez gero eta jende gutxiago bizi da landagunetik. Herri txikia garen aldetik gero eta murrizketa gehiago ditugu: zerbitzu aldetik, banketxea, Correos, medikua... herri kontzientzia hartu behar duen herria da. Aurrera egiteko traba gero eta gehiago izan behar ditugu. Herri txikia izatearen trabak sufritzen ari den herria dela esango nuke.

Zure ustez, zein da Aramaioren premia nagusia?

Ez dago bakarra; adibidez, azkenaldian entzuten da gazteak Gasteizera eta Arrasatera doazela... etxebizitza arazoa egon, badago. Badakigu Aramaion etxebizitza huts asko daudela, baina ez daude alokairuan. Etxe berriak egiteko aukerarik ere ez dago, eta Udalaren gain dagoen gaia da. Zerbitzuetan ere bada premia: medikuarekin hala moduz gabiltza eta ikusten dugu hor arazoa etorriko dela. Landaguneko jendearendako laguntza beharra ere etengabea da. 

Premia horiei aurre egiteko zer proposatzen du EH Bilduk?

Formula magikorik ez dago. Lanean jarraitu, herriaren beharrak eta eskubideak mahai gainean jarri eta kontziente izan herri txikiak oso baldintzatuta gaudela. Lehentasun batzuk jarri behar dira eta lanean jarraitu. Ez dugu formula magikorik eta ez dugu uste dagoenik ere, lana egitea ez baldin bada.

Maiatzeko hauteskundeen ondoren alkate izendatzen baldin bazaituzte zer da egingo duzun lehenengo gauza?

Lehenengo gauza izango da gaur egungo taldearen eta talde berriaren arteko trantsizioa lotzea. Komunikazio lan hori oso garrantzitsua da ondoren antolakuntza on bat egiteko. Ondoren, uda antolatzea izango da lehentasuna; jaiak ere gainean ditugu.

Zuen hauteskunde programaren alderdi garrantzitsuena zein da?

Taldea bera da: denak herritarrak gara, herria ezagutzen dugu eta baita herriko arazoak ere. Arloz arlo gauza asko daude; denak dira garrantzitsuak, eta ezin dut jarri bat bestearen gainetik. 

Zer da Aramaiotik gehien gustatzen zaizuena? eta, zer gutxien?

Gehien ingurua. Herri zoragarria da Aramaio; kanpoko lagunak datozenean harritu egiten dira inguruarekin. Eta, gutxien, lehen esan dudan moduan herri txikia dela eta horrek trabak eta murrizketak ekartzen dituela. Sistemak jartzen dituen trabak.

Parke eolikoaren gaiak tentsioa sortu du herrian. Nola ikusten dituzu herritarrak gai horren aurrean?

Denok gaude arduratuta. Horregatik jarri dugu partaidetza prozesu bat martxan. Herri iritzi bat garatzeko, eta herri iritzi hori defendatzeko eta kudeatzeko herriari galdetzea da lehenengo egin behar dena. Denok gaude kezkatuta ze badakigu hor gainean, begi bistan, zer datorren.

Hurrengo lau urteei begira, gai horretan, zer egiteko asmoa duzue?

Oraingoz parte-hartze prozesua hasita dago. Bigarren partea orain hasiko da, eta lehenengo herri iritzi hori garatzea izango da. Beti herriari entzunda eta jakinda herriak zer pentsatzen duen horri buruz.

Kintelenaren inguruan lan talde sendoa sortu da eta Udala talde horrekin harremanetan egongo da ahal den heinean laguntzeko. Gakoa da herri kontzientzia garatzea.

Komertzioen gaia ere hor dago. Zer proposatzen duzue Aramaio bizirik mantentzeko?

Joera orokorra da: erosketa ohiturak aldatu egin dira. Ikusten genuen arazoa etorriko zela eta etorri da. Herri kontzientzia garatu behar dugu eta jakin behar dugu herria bizirik mantendu nahi baldin badugu herritarrok bertan kontsumitu behar dugula. Kintelenaren inguruan lan talde sendoa sortu da eta Udala talde horrekin harremanetan egongo da ahal den heinean laguntzeko. Gakoa da herri kontzientzia garatzea.

Nolakoa da hauteskundeetarako sortu duzuen zerrenda?

Herritarrez osatutako taldea da, askotariko taldea eta arlo ezberdinetatik datorren jendea. Nahiz eta kosta, talde polita sortu dugu, ideiak eta baloreak argi dituena. Batez ere, lanerako prest dagoen taldea da, eta datozen erronkei aurre egiteko prest dagoen taldea.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak