Alberto Amenabar: "Aramaio ikusten dut nahiko bananduta eta baita utzita ere"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko mai. 4a, 07:00

Alberto Amenabar Aramaioko kalean.

Alberto Amenabar (Otxandio, 1974) EAJren Aramaioko alkategaia izango da maiatzeko udal hauteskundeetan. 2021az geroztik Arabako Suhiltzaileen zuzendaria da. Urte asko darama EAJra afiliatuta baina lehen aldiz aurkeztuko da hauteskundeetara.

Nork konbentzitu zintuen Aramaion zerrendaburu joateko, eta, zergatik eman duzu baietza?

Politikan sartuta nago aspaldi; afiliatu nintzen EAJra 16 urterekin. Ordutik hona alderdi barruan ibili izan naiz lanean, eta azken bi urteetan Foru Aldundian nabil Suhiltzaileen zuzendari moduan. Aurretik, nire kabuz ibili izan naiz lanean, enpresa pribatuan, kudeaketa arloan. Lehen aldia izango da zerrenda batean aurkeztuko naizena.

Bertigoa ematen dizu zerrendan aurkezteak?

Ez, batere ez. Beste gauza batzuk badaude bertigoa ematen dutenak, familian gerta daitekeen zerbait, eta zuk kontrolatu ezin dezakezuna; baina, honek ez. Hala ere, arduratzen nauena da dauden arazoei konponbide bat emateko gauza ez izatea.

Ideologikoki nola definitzen duzu zure burua?

Abertzalea naiz.

Alberto hobeto ezagutze aldera, zeintzuk dira zure zaletasunak?

Nire zaletasunak nire seme-alaba eta bikotekidea dira, eurekin denbora pasatzea; baita, lagunak ere. Horrez gain, motordun kirolak, mendian ibiltzea, perretxikoak batzea... horiek dira nire zaletasunak.  Motorra badaukat, baina gehiago gustatzen zait lasterketak ikustea, bai motorrena eta baita autoena ere.

Gaurkotasuna jarraitzen duzu?

Gaurkotasuna jarraitzen dut, aldizkariak irakurrita; baita, tokikoak ere, Goiena aldizkaria, adibidez. Euskal Herriko medio publikoak ere jarraitzen ditut. Jarraitzen ditut hemengo albisteak eta baita mundu mailakoak ere. Lehen ibili nintzen munduan zehar lanean eta gustatzen zait egindako lagunekin harremana mantentzea.

"Lehenengo herriari entzutea izango litzateke. Hurbiltasuna eman, benetako kudeaketa egin eta beti aurrez jokatu"

Aramaiori begira jarrita, nola ikusten duzu herria?

Herria ikusten dut nahiko bananduta eta baita abandonatuta ere. Azken hilabeteetan asko etorri naiz auzoak eta herria ikustera eta ikusi dut herria nahiko bananduta dagoela; gainera, dago dagoen moduan. Hainbat eraikin publiko eta pribatu, errepideak... daude margotuta. EH Bilduk Statkraften proiektuarekin aurrera egin zuen eta orain hauteskundeak medio mahai gainean jarritako konpromisoak hor geratu dira. Aurpegia ematea beti da ona herritarrentzat eta gauzak argitzeko.

Zer premia ikusten diozu herriari?

Herriaren eta auzoen mantentze-lan orokorra; izan ere, zabuak... eta baita bestelakoak ere, ikusten dira apurtuta. Errepideak, areka garbiketak, pistak... mantentze falta dago, eta baita ikusten dut falta dela herriari entzutea eta herria kontuan hartzea.

Zer eman diezaioke zure alderdiak herriari, premia horri aurre egiteko?

Lehenengo herriari entzutea izango litzateke. Hurbiltasuna eman, benetako kudeaketa egin eta beti aurrez jokatu. Proiektuak aurrera eraman eta inoiz ez gorde. Hori da guk proposatzen duguna.

EAJren hauteskunde programaren gauzarik nabarmenena zein da?

Aramaioko herritar guztiendako, bai nagusiendako eta baita gazteendako ere zerbitzuak ematea. Gure nagusiek soluzioak behar dituzte euren etxeetan edo baserrietan; eta, bestelako alternatibak behar dituzte egoera hori ezinezkoa denean. Bestalde, gure gazteek ere Gaztegune bat behar dute: berdintasuna eta integrazioa sustatzeko. Azkenik, lehen esan bezala, auzo guztien mantentzea hobetuko genuke. Plan baten falta dago. Hori da guk ikusi duguna azken hilabete hauetan.

Otxandiarra izanda, zerk lotzen zaitu Aramaiorekin?

Otxandiokoa izan arren beti izan dugu lotura handia Aramaiorekin. Oletako herritarrek, adibidez, beti egin izan dute bizitza Otxandion eta ondorioz beti izan dugu harreman polita. Azkeneko 15 bat urteetan, Oletan dugun familia enpresan lan egin dut, eta beti izan dut harremana Aramaiorekin.

"Gure nagusiek soluzioak behar dituzte euren etxeetan edo baserrietan; eta, bestelako alternatibak behar dituzte egoera hori ezinezkoa denean"

Udal hauteskundeetarako, nolako taldea osatu duzue?

Nik uste dut talde polita osatu dugula. Alde batetik alkate izandako hiru daude, eta bestalde baita zinegotzi izandakoak ere. Bestalde, Teresa Molinuevo, Jonatan Moreno eta ni kudeaketan esperientzia handia dugunak gara. 

Zer da Aramaiotik gehien gustatzen zaizuna?

Gehien Arangio eta Orixoleko bistak eta paseoak egiteko dauden aukerak. Beti gustatu izan zait, adibidez, han dauden pagadiak. Gutxien, aldiz, Aramaioko frontoia, auzoak... margotuta eta zikinak ikustea, gaur egun dauden moduan.

Aramaion puri-purian dagoen gaia da eolikoena. Zer iritzi duzue Itsaraz parke eolikoaren gainean?

Dakiguna da EH Bilduk aurrera egin duela eta euren proiektua dela. Orain geldi daude hauteskundeak medio. Herritarrei eta guri informazio gutxi eman digute eta horrela ezin dugu iritzi sakon bat sortu; gardentasun eta arduragabetasun falta izan dute. 

Gustatu zaizu nola kudeatu duen gaia Udal Gobernuak?

Ez zait gustatu. Udal Gobernuak oposizioarekiko gardentasun falta izan duela uste dugu; eta, ez gurekin bakarrik. Herritarrei entzuten zaiena da; kalean hori entzuten da.

Zer bereizten zaituzte EH Bildutik?

Biok gara abertzaleak baina guk beti zintzotasunez jokatzen dugu eta ez dugu harria botatzen eta eskua gordetzen; eta, eolikoen kasuan hori ikusten da egin dutela. Hori da bereizten gaituena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak