Tximista Aisialdi taldeko hezitzaile izan nahi dutenekin bilera egin dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko api. 28a, 09:18

Eguazteneko batzarreko irudia.

Nerabeei zuzendutako Tximista Aisialdi taldeko hezitzaile izateko interesa dutenendako bilera irekia egin zuten eguaztenean. Txirritola euskara elkarteak eta Udalak gidatutako saioa izan zen. Maiatzaren 15ean izango da hurrengo bilera.

Txirritola Euskara Elkartek eta Udalak deituta, bilera irekia egin zuten eguaztenean, Tximista Aisialdi taldeko hezitzaile izan nahi dutenei zuzenduta. Hiru gazte joan ziren batzarrera, eta beste bik, agertzerik izan ez zuten arren, hezitzaile izateko interesa erakutsi dute. "Balorazio ona izan da. Proiektua da herritik herrira egindakoa; ez dugu nahi izan kanpotik hezitzailerik ekarri, interesgarriagoa iruditzen zaigu herrikoak izatea", azaldu du Txirritolako kide Amaia Bellosok. Ikusi dute Udalak eta Txirritolak dituzten helburuak bat datozela batzarrera joan ziren hezitzaileen beharrekin.

Proiektua aurkeztu zuten

Hezitzaileekin harremana izan eta esku artean dituzten proiektuak azaltzea zen batzarraren helburu nagusia. Hala, Gazte Txoko proiektuaren nondik norakoak azaldu zituzten, baita Gazte Uda kanpaina ere. Hain zuzen, momentu honetan, udako eskaintza prestatzea da premia handien duena. "Beste urte batzuetan, eskaintza udako eskaintzara mugatu da. Aurten, eskaintza hori luzatu egin gura dugu", dio Bellosok. Gazte Uda kanpaina antolatzeko maiatzaren 15ean egingo dute hurrengo batzarra.

Euskararen helduleku

Tximista Aisialdi taldea 12-16 urte bitarteko nerabeei zuzendutakoa da. "Euskararen egoeraren hausnarketa egin genuenean ikusi zen nerabeek salto handia izaten dutela Arrasatera joaten direnean ikastera. Euskaratik gaztelerara salto egiteko ohitura hartzen dute askok. Horregatik, uste dugu garrantzitsua dela ohitura batzuei eustea eta herriarekin lotura mantentzea", esan du Bellosok. Tximista euskararendako heldulekua izatea nahi dute. Horrez gain, ikusten dute nerabeen aisialdian eskaintza murritza dela: "Umeek ludoteka dute, baita eskolaz kanpoko ekintzak ere; 16 urtetik gorakoek gaztelekua dute... Ikusten genuen nerabeekin bide bat jorratu behar dela dinamikak sortu ahal izateko".

Gazte Txokoa

Kiroldegian egokitu dute Gazte Txokoa izango dena. "Obra bukatuta dago; orain falta dena da espazioari forma ematea, altzariekin eta...", azaldu du Hezkuntza eta Euskara zinegotzi Oihana Amezkuak. Udalaren asmoa da nerabeekin eurekin elkarlanean antolatzea Gazte Txokoko espazioa, euren beharretarako egokituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak