Uxue Urzelai: "Hilekoaren kudeaketak erantzuten dio sistema matxista eta patriarkal bati"

Aitor Agiriano Arrese 2023ko api. 20a, 20:00

Uxue Urzelai konpresak eskuan dituela. Argazkia: Maria de Juan.

Hilekoaren zikloa eta oihalezko konpresen sorkuntza tailerra egingo du Uxue Urzelaik Sastiñan, maiatzaren 11n. Plaza mugatuak dira; interesa duenak, deitu 688 69 57 63 telefono zenbakira.

Lorabarri Astearen barruan, maiatzaren 11n hilekoari buruzko tailerra egingo du Uxue Urzelaik (Ordizia, 1.988). Oihalezko konpresak eta diskoak egiten ditu; hain zuzen, oihalezko konpresa bat egiteko aukera izango du parte-hartzaile bakoitzak tailerrean.

Gizarteko tabuak eta sinismen faltsuak hautsiko dituzu tailerrean?

Nire proiektua da Urzelai proiektua. Hilekoaren zikloaren inguruan eta amatasunaren akonpainamenduan aritzen naiz. Izan ere, ikusi nuen bazegoela beharra hilekoaren zikloaren inguruan hitz egiteko; oihalezko konpresak egiten ditut, eta horiek erostera zetorrenaren galderak ziren orain dela 20 urte nik nituen galderak. Tabu eta sinismen faltsu asko daude, eta nerabeek mezu horiek jasotzen dituzte.

Hilekoaren zikloa. Zer azaltzen duzu?

Nabarmendu nahi dudana da hilekoa ez dela bakarrik odola botatzea; ziklo baten baitan gertatzen den guztia da. Gainera, ez du erreprodukzioarekin bakarrik zerikusia; osasuna da eta gorputzeko atal guztiekin du zerikusia. Ikasketaz antropologoa naiz, eta generoan eta feminismoan aditua; bada, antropologia ikuspegitik ikusten nuen hilekoaren kudeaketak erantzuten diola sistema patriarkal eta matxista bati. Hilekoa bizitzeko dugun modua da; zikina da, usaina du, hilekoarekin sexua bai edo ez dikotomia... Sistema biomedikoa sinismen horiek sustengatzen duen instituzioa da. Esan daiteke bazterrak nahastera natorrela.

Diozu garai bateko galderak errepikatzen direla. Zeintzuk, adibidez?

Galderak dira, usteak... Hilekoa zerbait zikina dela uste izatea, adibidez. Bestalde, min eman behar duela sinisteak, eta horren aurrean alternatiba bakarra farmakoak dira. Odola erakusteari lotsa ere badago; eta gaur egungo gizartean odola ikustera oso ohituta gaude, baina biolentziari lotutako odola. Emakumeari lotutako odola, aldiz, gorde egin nahi da.

Zein da tailerraren helburua?

Hilekoa bizi dugu zerbait intimoa bezala, eta nahi dudana da toki pribatutik atera eta leku publikora eraman.

Oihalezko konpresak egingo dituzue?

Bai, hala da. Parte-hartzaile bakoitzak oihalezko konpresa bat egingo du eta etxera eramateko aukera izango du. Nik eramango ditut oihalak eta azalduko dut nolako oihalak erabiltzen ditudan. Horrez gain, odola jasotzeko dauden metodoak ikusiko ditugu, eta haiek duten ondorio ekologikoak, ekonomikoak, sozialak... Josteko makina bi eramango ditut eta haiekin egingo ditugu konpresak; hala ere, tailerrera etorriko den norbaitek makina baldin badauka, ekar dezala.

Gero eta gehiagok erabiltzen dituzte oihalezko konpresak?

Bai, gero eta gehiago erabiltzen dira. Kontua da kapitalismoak dena hartzen duela eta gaur egun horrelako produktuak ere eskaintzen dituztela saltoki handiek.

Hilekoa duten emakumeei zuzendutako tailerra da?

Orain arte etorri izan dira zisgenero emakumeak. Egia da etorri izan direla oraindik hilekorik ez duten gaztetxoak, euren amekin; eta esperientzia oso polita izaten da.

Nabaritzen duzu alderik 20 urteko neskek edo 40 urtekoek hilekoari buruz dituzten sinismenen artean?

Esango nuke orokorrean berdin pentsatzen dutela. Lotsa ematen digu hilekoa dugula esateak, edo odola erakusteak, eta zikina dela uste dugu. Baina egia da badaudela 30 bat urte inguruko emakumeak hilekoari buruz gehiago ikasi dutenak eta esaten zaigun hori baino harago mundua dagoela uste dutenak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak