Musika eta bertsoa, tabuen gainean hitz egiteko

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko mar. 31a, 13:32
Argazkia: Izan Iñurri.

Izan Iñurri elkarteak antolatuta, bertso saio musikatua egingo dute bihar, Aramaioko kultura etxean, 18:00etan. Bularreko minbizia dutenekin lan egiten duen elkartea da Izan Iñurri; eta ekintza kulturalak egiten dituzte gizartean tabu diren gaiak plazara ateratzeko.

Tabuen Kutxatik Oholtzara bertso saio musikatua egingo dute bihar, zapatua, Aramaioko kultura etxean. Bertsotan ibiliko diren bertsolariak dira: Alaia Martin, Ane Labaka, Uxue Alberdi eta Miren Amuriza. Gai-jartzaile lanetan Amaia Agirre ibiliko da, eta ikuskizunari musika jarriko diote Oihana Rodriguezek eta Gari Otamendik. Sarrerak 5 eurotan jarriko dituzte salgai, eta egunean bertan 17:30etik aurrera horiek eskuratzeko aukera egongo da kultura etxean bertan. Sarrerekin lortutako irabazi guztia Izan Iñurri elkartearendako izango da.

Tabuak oholtzara

Gai-jartzaile lanetan Amaia Agirre ibiliko da, eta oholtzara eroango dituzte minbiziarekin zerikusia duten eta gizartean tabu diren gaiak. "Tabuez hitz egin nahi dugu, ileordeez eta heriotzaz; tabu diren gaiak normalizatu nahi ditugu eta gure barruak askatu", dio Izan Iñurri elkartearen atzean dagoen Julene Illarramendi Elexpuruk. Saio guztietan Amaia Agirre izaten da gai-jartzailea, baina ez da bakarrik haren ardura gaiak plazaratzea: "Minbizia bizi duten emakumeak igoko dira taula gainera, eta guztien artean jarriko dituzte gaiak". Ordu eta erdi pasa iraungo du ikuskizunak.

Aitortzak

Tabuen Kutxatik Oholtzara ikuskizuneko ikusle gehienak emakumezkoak direla nabarmendu du Illarramendik, eta jende gaztearen falta igartzen dutela. Izan Iñurri orain dela hiru urte sortu zuten: "Duela sei urte galdu nuen ama, eta beharra nuen aitortza moduko bat egin eta beste batzuei laguntzeko". Gaur egun lau lagunek osatzen dute elkartearen talde motorra.

"Tribua sortzen dugu, eta lagutza ematen diogu minbizia bizi duenari, baita minbizia bizi duenaren ondoan laguntzaile dagoenari ere". Laguntza ekonomikoa bakarrik ez dute ematen, bizipoza ere banatzen dute, minbizia duenari "sorpresatxoak emanez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak