Aramaioko herritarrak Kintelenari bultzada emateko prest agertu dira

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko mar. 31a, 13:01
Eguaztenean egindako batzarra.

Kintelena janari-dendari bultzada emateko asmoz, herritar guztiei zuzendutako batzar irekia egin zuten eguaztenean. Janari-dendaren etorkizuna kolokan dago gaur egun; eta, egoera horren aurrean, herritar askok erakutsi zuten egoera ezagutzeko interesa. Interesa bakarrik ez, baita lantaldean parte hartzeko konpromisoa ere.

Arbel kooperatibak hartu zuen Kintelena janari-dendaren kudeaketa orain dela sei urte; baina kudeaketak berak eragiten duen nekea, batetik, eta azken urteetako datu ekonomikoak onak ez direla kontuan hartuta, bestetik, Arbelek janari-denda uzteko intentzioa erakutsi du.

Salmentak, behera

"Orain dela hamabost egun Arbeleko batzar orokorra izan genuen eta han komentatu zen Kintelenaren egoera", azaldu du zuzendaritzako kide Iñaki Etxebestek, eta gehitu du: "Salmenta kopurua behera doa, nahiz eta fakturazioa mantendu egiten den produktuen prezioen igoeragatik". Arbeleko zuzendaritzak gaur egun Kintelenan lanean diharduten langileei eskaini zien dendaren kudeaketaren ardura; baina negozioak ematen dituen datuak ikusita ez dute bideragarri ikusi. Martxoaren 18an egindako batzar orokorrean, bazkideek esfortzu bat egitea eskatu zioten zuzendaritzako kideei –Kintelena uztearen aldeko 17 boto egon ziren eta ez uztea bozkatu zuten 18k–.

Hori horrela, herritarrei zuzendutako bilera bat egin eta irtenbideak topatzea erabaki du zuzendaritzak. "Zerbitzua beharrezkoa dela ulertzen dugu, baina dagoenetan ezin da aurrera atera. Salmentek behera egin dute eta fakturak, argindarrena, adibidez, asko igo dira. Gure proposamena da lan-talde bat sortzea, egoera hori bideratuko duena urtebeteko epean", azaldu du Etxebestek. Horrez gain, Aramaioko komertzioen elkarte bat sortzeko ideia ere plazaratu zuten.

Lantaldea

"Batzarrera etorri direnen artean hamar bat laguneko lantaldea osatu dugu. Elkartuko gara eta zein ideia dauden ikusiko dugu. Izan ere, erronka handia da. Demografikoki zahartzen ari garen herria gara, bai Euskal Herria eta baita Aramaio ere. Negozio txiki horiek erronka berezia eskatzen dute", dio Etxebestek. Hara joandako herritarrek zerbitzua mantentzearen alde egin zuten, herria bizirik mantentzen duelako, eta herritarrei eskatu zieten herrian erosteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak