Goizean goizetik oholtza atondu, bazkaritarako mahaiak jarri, Laudio BHI institutuko kiroldegiak egun honetan bere ikuslegoari eskaini behar zion guztia prest egon zedin. Hamabiak inguruan heldu zen Araban zehar ibilitako autobusa Laudioraino, jendea umoretsu eta eguneko jaiari gogoz heltzeko gogoz, egun polit bat bertso eskola eta eskualde ezberdinetako kideek elkarrekin pasatzeko aitzakia, Kuadrilla Artekoa.
Egun osoko jaia
Gorbeialdeko eta Gasteizko trikitilarien doinuekin lagunduta poteoan abiatu ziren, Laudio erdialdeko kaleak bertso aleek bereak eta bi egiten zituzten bertaratutakoen ikusmiran. Bazkari herrikoian jana eta edana ez falta izan, babarrun jana sakramentuz atondurik, 90 lagun inguru elkartu ziren mahai inguruan. Bazkalostean, trikitiaren doinuekin dantza egin eta Intsixv taldearen alboka eta danbor soinuak entzuteko aukera izan zuten bertaratutakoek.
Arantxa Sobrino aurkezleak gidatuta, 17:00etan, Gasteizko Katuko Muinoak eta Errexala taldeak eta Aramaioko Izena Pentsau Bida taldetako hamalau bertso lagunak igo ziren taularen gainera.
Hiru talde lehian
Giroa alaitzeko moduko agurrak prestatu zituzten taldeek: Muinoko Alayak kanta popurria Gasteizko Katuen Muinoak; euskal punk eta kanta modernoen arteko popurriarekin hasi ziren aramaioarrak eta Brayanen bizitza filmeko doinuarekin, berriz, Errexalako kideak.
Zortziko txikian eman zioten hasiera saioari, ale ederrak eskaini zituzten jatetxe garestietan dirua gastatzen ibilitako Eli eta Ainara edota pisu-kideak papaerean Manex eta Patxi. Suhiltzaile lanetan aritu ziren gero, Unai Anda bertsolari neutroak esandakoei erantzunez. Seiko motzean Orain dela 30 urtetako musikariaren paperetik aritu ziren Ekaitz eta Danel. Puntuari erantzunez jarraitu zuen saio puntuagarriak. Iparragirreren doinuan etorkizunean Marten babes ofizialeko etxe bat egokitu zainen paperetik aritu ziren. Ganbarako lanaren aurretik puntuka aritu ziren talde denak.
Diegoren gitarra doinuekin kantatu zuten bertsolariek ganbarako lanean, botilen papera hartu zuten bertsolariek eta pasadizo ezberdinak ekarri zituzten gogora.
Ekitaldia borobiltzeko, askotariko opariak eta oroigarriak banatu zituzten eta bat-bateko zein idatzizko talde parte hartzaileek otartxoa jaso zunte. Bertsolari finalistek gainera Kuadrilla Arteko Txapelketako argazkia jaso zuten oroigarri moduan eta Katuko Muinoak taldeko kide Iñaki Viñasprek, Eli Zalduak, Ekaitz Samaniegok eta Xabier Antiak landare bana jaso zuten, Arabako bertsogintzaren sustraiak errotzen ari direlako loratuko diren kimu berriak.