Astean bi orduz euskara ikastaroa izaten dute Aramaioko erretiratuek

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko mar. 17a, 12:00

Euskara ikastaroa jasotzen duten erretiratuak Ainhoa Arregi irakaslearekin.

Alaiak erretiratuen elkartean euskara hobetzeko ikastaroa dute; urritik ekainera bitartean egiten dute, astelehenetan, bi orduz.

2019an hasi zuten ikastaroa, urri inguruan. "Lehenengo eta behin, nahi genuen adineko pertsonek etxetik irteteko obligazio bat izatea, eginbehar bat izatea; baita harreman sozialak gehitzea ere", azaldu du elkarteko lehendakari Miguel Loitik. Horrez gain, euren euskara-maila hobetzea da helburu nagusia.

Mezuak idaztea

Loitik dio euskararekin duten harremanean ohitura batzuk aldatzea nahi dituztela: "Adibidez, nik ikusten nuen Aramaion bertan euskaldunen artean ere lehenengo agurra euskaraz egin ondoren gaztelerara jotzeko ohitura handia zegoela". Eta gehitu du uste duela hark joera hori apurtu duela eta euskarari gehiago eusten diola. Bestalde, gaur egun, teknologia berrien erabilera gero eta handiagoa egiten dute erretiratuek eurek ere; bada, whatsapp-ak eta bestelako mezuak euskaraz idazteko gaitasunak lortzeko balio die ikastaroak. "H-a non jarri, z eta s bereizi... Azken finean, euskaraz idazteari beldurra kendu nahi diogu", dio Loitik.

Ainhoa Arregi Gastañaga arrasatearra da euskara ikastaroko irakaslea. "Hasieran, beldur pixka bat izan nuen, ez nekielako zela planteatuko zuten ikastaroa... baina oso gustura ari gara", dio. Gehienak euskaldun zaharrak dira, euskaraz ondo dakitenak. "Irakurketa eta ulermena lantzen dugu. Testuak irakurtzen ditugu, edo elkarteko idatziak egiten ditugu...", azaldu du Arregik, eta gehitu du ez duela merezi, adibidez, gramatika lantzea. Egunkariak eta aldizkariak ere irakurtzen dituzte, modu horretan ulerme- na lantzeko. Izan ere, euskaldunak izan arren, garai hartan eskolan gazteleraz ikasitakoak dira denak, eta, horregatik, euskara batuan idazteko edo ulertzeko zailtasun handiagoak izaten dituzte. Horren harira, Loitik dio gaur egun euskara perfektuan idazten duten kazetariak eta esatariak daudela, eta batzuetan zail egiten zaiola hain euskara jasoa ulertzea.

Herritarrak animatu

Gure euskara hobetzen ikastaroan parte hartzen dutenak oso gustura daude ikastaroarekin. Aurrerantzean ere jarraitu nahiko lukete ikastaroarekin, baita beste erretiratu batzuk animatu ere, besteak beste, ondo pasatzen dutelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak