Jone Unzaga: "Gero eta eragile gehiagoren artean sortzen ditugu berdintasunaren aldeko ekintzak"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko mar. 3a, 10:04

Artxiboko irudia.

Itur Zuri emakume elkartearekin eta Aramaioko Feministak taldearekin harreman estua du Berdintasun teknikari Jone Unzagak. Emakume guztiengana iristea garrantzitsua dela dio, eta horretarako kultura erreminta ahaltsua dela nabarmendu du.

Martxoaren 8ko egitaraua antolatzerakoan non jarri duzue arreta?

Aurten, mugimendu feministak markatu du gaia. Agroekofeminismotik jarri nahi izan dute arreta, zainketetan... Hori izan da aurten jarri dugun ikuspuntua.

Badira hiru urte Berdintasun teknikari lanean zabiltzala; urte horietan guztietan lana egonkortu egin da? Zer aldatu da?

Egia da oraindik asko falta dela guztiz egonkorra izateko; bidea oraindik ere luzea da. Baina egia da gero eta eragile gehiagorekin egiten dudala lan eta gero eta eragile gehiagoren artean sortzen ditugula berdintasunaren aldeko ekintzak edo ekimenak eta feminismoa zentroan jartzen dituzten ekintzak. Mugimendu handiagoa dagoela nabaritu dut.

Udalean ere, Berdintasun Sailaz gain, zeharkako politikek garrantzi handia izango du zure lanean.

Gauza bat da Martxoaren 8a edo Azaroaren 25a antolatzea. Beti izaten dugu programazio-lan handia egun horietan; hainbat eragilerekin lotzen duguna, gainera. Baina, horrez gain, badago barne mailan egin behar den beste lan bat, eta lan hori motelagoa da, zailagoa. Gauza gehiago mugitu behar dira eta arlo guztiekin elkarlanean egin behar da lan. Horrek eskatzen du denbora luzeagoa.

Nola ikusten duzu Aramaion mugimendu feministak egun duen egoera?

Guk oso harreman estua dugu Aramaion dauden talde feministekin. Urtean zehar elkartzen gara gaiak komentatu eta elkarrekin lantzeko; eta Martxoaren 8aren bueltan eta Azaroaren 25aren bueltan beti saiatzen gara elkarrekin egindako programazioa sortzen edo, behintzat, lan-ildo berberak aukeratzen, denok norabide bera izateko. Urtean zehar ere harremana oso estua izaten da herriko bi taldeekin; azken finean, aliatuak dira, aliatu naturalak.

Ikusiz Gozatu taldearekin ere egiten duzue lan berdintasunaren alde, eta zinema-ziklo feministak antolatu.

Oso garrantzitsua da zinema elkarteak egiten duen lana. Izan ere, publiko ezberdinetara iristeko aukera egoten da antolatzen den ekintza motaren arabera. Nik uste dut kultura oso erreminta ahaltsua dela feminismoa hedatzeko, baita horren inguruan hausnartzeko ere.

Udaleko teknikari moduan, helburua emakume guztiengana iristea izango da. Aramaio herri txikia izanda, nola eragiten du horretan? Zure ustez, lortzen da helburua?

Nire ustez, Aramaio moduko herri txikiek abantaila hori dute. Oso erraza da eragile guztien artean lan egitea; gainera, berehala iristen dira mezuak pertsona guztiengana.

Martxoaren 8ko egitaraua

Martxoak 4

  • 10:00 Agroekofeminismo tailerra, kultura etxean.
  • 14:30 Bazkaria, eskolako jangelan.

Martxoak 5

  • 18:30 Kafea eta eskulanen zozketa. 
  • 19:00 La vida era eso zinema-kafea, kultura etxean.

Martxoak 8

  • 18:00 Emakumeen Nazioarteko Eguna. Kontzentrazioa, plazan.

Martxoak 12

  • 19:00 Madres paralelas zinema-ziklo feminista, kultura etxean.

Martxoak 23

  • 18:00 Ama*Eme*Ume liburuaren aurkezpena Estitxu Fernandezekin eta Erika Lagomarekin, kultura etxean.

Martxoak 26

  • 19:00 El acontecimiento zinema-ziklo feminista, kultura etxean.

Apirilak 1

  • 19:00 Tabuen kutxatik oholtzara-(Min)bizia bertso saio feminista, kultura etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak