Sonia Etxenausia: "Gure helburua da Aramaion egin nahi duten parke eolikoaren eta horrelako beste hainbat megaproiekturen aurrean gure ikuspuntua azaltzea. Hain zuzen, parke eolikoa izan da jardunaldia antolatzeko martxan jarri gaituen motorra". Gizartean egiten diren azpiegitura eta proiektuen aurrean hainbat ikuspegi daudela dio: "Badaude kritikoak direnak horrelako megaproiektuen aurrean eta badaude mugimenduak... baina ikusten duguna da ikuspegi feminista falta dela, eta gurea asmoa da ikuspegi feministatik lantzea kritika".
Elkar ezagutzeko espazioa
Talde feministak emakumeak saretu nahi ditu hausnartzeko eta sortzeko. "Krisi ekosozialarekin kezkatuta gauden emakumeok elkar ezagutzeko espazio bat ireki eta gure ahotsa entzunarazteko adierazpen-testu bat elkarrekin osatu eta zabaldu nahi dugu", azaldu dute. Hori horrela, ekologistak eta feministak diren emakumeei dei egin diete martxoaren 4an egingo duten jardunaldira batzeko, eta gehitu dute "emakume hiritarrak ere aliatuak" direla. Landa-eremuan emakume gutxi daudela diote. "EAEn landa-eremuan bizi garen emakumeak %5,4 gara", dio Etxenausiak. Hain zuzen, emakume horien ahotsa eta bizipena jaso nahi dute.
Adierazpen-testua
Datorren zapatuan Aramaion egingo duten jardunaldiaren helburua da adierazpen-testu bat osatzea, Euskal Herri mailako adierazpena izango dena. "Lau orduko saioa izango da eta guk geuk dinamizatuko dugu, talde dinamikak sortuz. Tailerraren helburua izango da adierazpen testua idaztea", dio Etxenausiak, eta gehitu du: "Proiektu txikitzaileen inguruko analisitik abiatuta, landa-eremuko bizimodua aintzat hartu eta gure ekoizpen eta kontsumo eredua berraztertuko ditugu. Alternatibak lantzeko kontuan hartuko ditugu deshazkundea begirada feminista eta dekolonialetik, agroekologiaren ekarpena, emakumeon parte hartzea eta bizitzak erdigunean jartzea".
Euskal Herriko mailako adierazpena izango dela nabarmendu du Etxenausiak, eta horren harira dio dagoeneko jardunaldian parte hartuko dutela esan dutela Goierriko emakumeek, Gipuzkoako kostaldekoek, baita Bilboko hiriburuko eta herrietako emakumeek ere, eta Arabako mendialdekoek. Garrantzitsutzat jo dute bailarako emakumeen parte hartzea: "Aramaiori eta Eskoriatzari eragiten digun proiektua izan da abiapuntua, baina kontuan hartuko ditugu AHTa, hidroponikoan ekoizteko berotegiak..."
Bazkari autogestionatua
Goizeko jardunaldiaren ondoren bazkaria egingo dute eskolako jangelan, 14:30ean. Ez da catering zerbitzurik egongo; nork bere bazkaria eraman beharko du eta denen artean partekatuko dute. Bailarako emakumeak bakarrik ez, baita Euskal Herri mailakoak ere ezagutu, sareak josi, gozatu eta elkarrekin aldarrikatzeko eguna izatea nahi dute martxoaren 4a.
Zaintza zerbitzua egongo da
Parte hartzeko, izena eman behar da aramaixokotaldefeminista@proton.me helbidean edo 653 71 52 58 zenbakian. Haurrentzako zaintza zerbitzua ere egongo da; martxoaren 3ko 13:00ak baino lehen eskatu behar da zerbitzua.