Edurne Isazelaia: "Txuleta izan da berezi egin gaituena"

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko ots. 10a, 12:00

Dukiena jatetxeko jabeak diren Edurne Isazelaia eta Dionisio Elorza jatetxean. Iturria: Irina Alvarez

32 urteren ondoren, Dukiena jatetxea itxi egingo dute udan; izan ere, hura kudeatzen aritu diren Dionisio Elorzak eta Edurne Isazelaiak erretiroa hartuko dute.

Hamaika bizipen eta milaka istorioren aterpe izan da 32 urtean Aramaioko Azkoaga auzoko Dukiena jatetxea. Azken txanpan sartuak daude; izan ere, udan erretiroa hartuko dute jatetxeko jabeak diren Edurne Isazelaiak (Arrasate, 1961) eta Dionisio Elorzak (Aramaio, 1958). Leku historikoa izan da, erreferentziazko toki bat, eta, errelebo faltarengatik, uda inguruan ateak itxiko ditu establezimenduak. Jabeak "pozik" daude egindako lanarengatik eta eskerrak eman nahi izan dizkiete jatetxetik urte hauetan guztietan pasatu diren guztiei. Hunkituta eta harrotasun puntu batekin, Elorzak eta Isazelaiak bizitzako etapa bati amaiera emango diote horrela.

32 urte; azkar esaten da. Nola baloratzen duzue ibilbidea?

Edurne Isazelaia: Urte asko izan dira eta egoera asko bizitzea tokatu zaigu, baina egiten dugun balorazioa ona da. Dionisio Elorza: Denetarik egon da; momentu oso onak beste momentu eskas batzuekin uztartu ditugu. Garagartzako Fagor itxi zutenean eta Abiadura Handiko Trenaren inguruko obrak egiteko bide nagusia itxi zutenean, adibidez, asko igarri genuen bezeroen jaitsiera. Kostatu zitzaigun gertakari haien ondoren berriro bezeroak berreskuratzea.

Kolpe gogorra izan zen hura.

D.E.: Bai. 32 urte hauetan, momentu eskasena garai hartan izan zen. Apurtu egin gintuen, Abiadura Handiko Trena egiteko bide nagusia itxi egin zuten eta horren ordez bide alternatibo eskas bat jarri zuten hona etortzeko. Jendeak hori ikusita etortzeari utzi zion, merezi ez zuelako. Momentu gogorrak izan ziren, bai.

"Gazta-tarta etxean egindakoa da eta errezeta ez da aldatu 32 urte hauetan"

Dukiena jatetxea bapo bazkaltzeko edo afaltzeko lekua izan da beti; zerk egiten zaituzte berezi?

E.I.: Dudarik barik, txuleta izan da berezi egin gaituena. Horrez gainera, baina, etxean egindako frijituak eta etxeko gazta-tarta izan dira, nagusiki, gure espezialitateak.

Gazta-tartaren errezeta bere horretan mantendu da 32 urte hauetan.

D.E.: Hala da. Gazta-tarta etxean egindakoa da eta errezeta ez da aldatu 32 urte hauetan. Beste tarta batzuen errezeta ere ez dugu aldatu ibilbide luze honetan.

Bezeroen aldetik zer jaso duzue? Esker ona eta maitasuna?

E.I.: Bai, eta gainera, beti. Momentu txarrik ez da egon bezeroen aldetik. Betidanik jarrera ona izan dute jatetxean eta ondo onartu gaituzte. Alde horretatik, oso eskertuta gaude bezeroekin.

Ibilbide luze honetan anekdota asko egongo ziren, seguru; badago ezer kontatzeko?

D.E.: Garai batean, Baskoniako jokalariak etortzen ziren bazkaltzera domeka eguerdietan; gehienak, txuleta jatera. Velimir Perasovic etortzen zen sarri; oso pertsona jatorra eta berezia. Valentzian entrenatzen ari zenean ere etortzen zen.

Urte hauetan ikusi ditugu auzoetan hainbat jatetxe itxi direla; pena da, ezta?

E.I.: Pena da, bai, baina adinak ez du barkatzen. Jatetxeetako jabeek, gutxi gorabehera, antzeko adina dugu. Normala da ixtea, ez dago erreleborik. Gazteek ez dute nahi; izan ere, ordu asko sartu behar dira, lan asko egin behar da eta ulertzekoa da inork ez nahi izatea horrelako lekuetara joatea lanera. Jatera bai, baina lanera inork ez du nahi.

Nola jaso dute auzoan albistea?

D.E.: Penaz. Auzoek horrelako leku bat behar dute, eta pena da, guztiontzat.

"Nik, gehienbat, eskerrak eman nahi dizkiet Aramaioko herriari eta gazteei. Gazteek jarrera oso ona izan dute"

Hala ere, norbait animatzen bada Dukiena jatetxea kudeatzera, zuek prest egongo zinatekete erraztasunak ematera?

E.I.: Noski. Gure bizitza hau izan da eta gu oso pozik egongo ginateke norbaitek jatetxea hartuko balu eta aurrera aterako balu. Gu prest egongo ginateke laguntzeko

Aurkeztu da inor jatetxea kudeatzeko borondatearekin?

E.I.: Gutxi batzuek erakutsi dute interesa eta kontaktuak izan ditugu pertsona batzuekin, baina oraindik ez ditugu proposamen formalak jaso. Jatetxearen goialdean bizi gara eta esku onetan utzi nahi dugu lokala.

Jatetxearen goiko partean bizitzeak eragina izango du hurrengo jabeak aukeratzeko orduan.

D.O.: Noski. Ez dugu jatetxea edonoren esku utzi nahi.

Aurreratu dezakezue noiz itxiko den konkretuki?

E.I.: Oraindik ez dugu erabaki zehatz-mehatz. Segurua da uda aldean izango dela, baina oraindik ez dakigu maiatzean, ekainean edo uztailean izango den. Aurrerago erabakiko dugu.

Penarekin zoazte, ezta?

D.O.: Sentsazio kontrajarriak ditugu. Alde batetik, pena ematen digu ixteak, baina, beste alde batetik, nekea ere handia da. Lan asko egin dugu 32 urte hauetan eta, alde horretatik, nekatuta gaude.

Bukatzeko, ez dakit ezer gehitu nahi duzuen.

E.I.: Nik, gehienbat, eskerrak eman nahi dizkiet Aramaioko herriari eta gazteei. Gazteek jarrera oso ona izan dute.

Seinalatuta egon den kolektibo bat aipatu duzu; gazteena.

E.I.: Guk geuk eskerrak eman nahi dizkiegu. Pandemia garaian egon ziren seinalatuak, bai. Baina pandemia igaro eta gero, oso jarrera ona izan dute jatetxean eta ohiko bezero bihurtu dira, gainera.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak