'Animalia basatien kalteak lursailetan' bilera irekia egingo dute astelehenean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko urt. 13a, 08:00

Zelaia harrotuta, Ipizte inguruan, 2022 urtean.

Animalia basatiek lursailetan sortutako kalteak aztertu eta horien inguruan hausnartzeko bilera irekia egingo dute astelehenean kultura etxean, 18:00etan.

18:00etan izango da eta parte hartuko dute: biologo eta baso kudeaketan aditu Iñaki Etxebestek; biologo eta Aran ingurumen zerbitzu enpresako teknikari Floren Markinak; Oilogor ehiza elkarteko kideek; eta udal ordezkariek.

Ingurumen zinegotzi Santi Balantzategik dio ehiztarien eta lur-jabeen artean sortu den tentsioa baretzeko asmoekin antolatutako batzarra dela: "Kexa gehienak basurdeen kalteen ondorioz dira. Orkatza ere izaten da, baina gutxiago". Azken urteetan basurdeen populazioak gora egin duen galdetuta: "Orain dela urte batzuk, Aldundian izan ginen eta eman ziguten datua da urtean %5 gehitzen dela populazioa". Basurdeek zelaietan eragiten dituzte kalte handienak. Tentsioaren muinean kalte-ordainak daude: legearen arabera, ehiza-barrutiaren esleipena duenak ordaindu behar ditu kalteak; hau da, Aldundiak, Udalak edo ehiza elkarteek.

Kalteak zelaietan

Unai Uribarren lur-jabea da eta dio ez diola helbururik ikusten batzarrari: "Zertarako da bilera? Ez du helbururik". Zelai guztiak "jota txikituta" daudela dio eta lehen sektoreak, baserritarrek, ez dutela laguntzarik jasotzen. Aramaioko lur-jabeek hainbat batzar egin dituzte: "Azkenekoan hamazazpi lagun elkartu ginen". Basurdeek eragindako kalteez zera dio: "Kalte handiagoak daude eta, gainera, denbora luzeagoan. Orain, edozein egunetan etortzen dira". Gaineratu du nahi dutena dela ehiztariekin akordioa lortzea kalteak gutxitzeko.

Basurdeek, dena alde

Juan Luis Nafarrate Oilogor ehiza elkarteko zuzendaritzan dago: "Uxaldiak egiten ditugu eguenetan, zapatuetan, domeketan... Saiatzen gara basurde kopurua jaisten, baina...". Dio eskatzen zaizkien kalte-ordainak ezin dituztela euren gain hartu: "Horrela jarraituz gero, ehiza-barrutia utzi egin beharko genuke". Gaineratu du egun 160 ehiztari dituela elkarteak eta basurdetan 40 bat ibiltzen direla, bi kuadrillatan banatuta. Irailaz geroztik 61 basurde harrapatu dituztela dio.

Ehiztariak basurdea eramaten. Argazkia: Oilogor.

Basurdeen populazioak gora egin du, nagusiki, ingurumen egokiagoa dutelako. "Basoetan gordeleku gehiago dituzte, ehiztarien beherakada, landagunearekiko deskonexioa... Hainbat faktore daude", dio Iñaki Etxebeste biologoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak