Lierni Altuna: "Pandemiak asko baldintzatu digu azken agintaldia"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko aza. 29a, 10:06

Lierni Altuna alkatea, Aramaioko pleno aretoan.

2019-2023ko agintaldia bukatzear dutela, balorazioa eskatu diogu alkateari. Udalean egindako ibilbidea bukatutzat emango du modu honetan Altunak. Pandemiaren eraginez ez dela "agintaldi normala" izan dio; pandemiaren kudeaketan asmatu egin dutela dio, eta herriko ur-sistema eta baso pistak hobetu egin dituztela.

Nola baloratzen duzu agintaldia?
Lau urtetik bi pandemiak jan digu, edo, behintzat, asko baldintzatu gaitu. Talde berria martxa hartzen ari zela, 2020ko martxoan dena moztu zitzaigun, eta bi urtean hortxe izan dugu pandemia, gauza bat edo beste; alde horretatik, gogorra izan da, oso gogorra izan da. Pandemia ondoren etorri da dena egiteko gogoa, beharra, estresa... Ez da agintaldi normala izan.

Jarritako helburuak bete dira?
Gauza batzuk egin dira eta beste batzuk ez. Beste helburu bat bihurtu da pandemiaren kudeaketa bera, ifrentzu asko sortu duena eta tripako min asko eragin duena. Ekainera arte gauzak borobiltzen jarraitzeko asmoa dugu.

Zertan asmatu duzue?
Ur sistema hobetzen, adibidez. Ur sare oso zabala eta zaharkitua dugu, auzoetatik Udalera pasa zena bere garaian, horrek dakarren zailtasunekin. Uste dut pandemiarekin ere asmatu dugula; oso gogorra izan da, baina asmatu dugu herriko oreka mantentzen, ezjakintasun eta beldur handiarekin. Herrigintza bera ere nahiko ondo berpiztu da pandemiaren ostean. Uste dut Udalak horretan lagundu duela. Komunikazioa ere hobe tu dugu; urteetan goaz horrekin lanean, eta asmatu dugu.

Kiroldegiko obra ze puntutan dago?
Kontratua sinatuta eta hastear dago. Kiroldegiak baditu urte batzuk, eta arazoak ematen ari da azkenaldian. Konponketa batzuk egin diren arren, teilatu berria jartzea ezinbestekoa da, eta kanpoko pilotalekua estaliz gero aukera gehiago ematen diegu herritarrei frontoia erabiltzeko. Rokodromoa ere hobetuko dugu lanekin. Beste fase batean ea eraikin publikoetarako autokontsumoa lortzen dugun.

Baso-pisten konponketa nola kudeatu duzue?
Hori ere ondo egin dugu. Orain dela urtebete apurtu ziren pistak; 40 bat, guztira. Lan handia egin du Mendietako zinegotziak eta uste dut pistak nahiko txukun utziko ditugula. Arazoa da horrelako lanak egiten dituztenak gutxi direla eta lanpetuta egoten direla, gainera. Beste bost-sei konponketa aginduko ditugu eta horrekin bukatutzat emango dugu mendi pistena, aurtengoz. 

Ipurtotzeko lur-jausia zen larriena. Ze egoeratan dago?
Ipurtotzekoa geratuko litzateke, bai; kontuz ibili behar dugu, goiko zelaia jaustear dagoela ematen du eta; horregatik debekatu da beheko pistetan ibiltzea. Ura agentziak esan du Ipurtotz azpian presa moduko bat egingo duela, gerta daitekeen lur-jausi geratzeko edo, behintzat, abiadura moteltzeko. Txosten geologikoak beste zerbait eskatzen du. Haiek egingo dute hor geratu diren enborrekin presa; behintzat, zerbait egingo dute. Gantzagan bertan erreka mugituta dago eta jarraipena egingo diote drone bidez. Itxura batera, Gantzagakoak ez du horrenbesteko arriskurik.

Nerabeen aisialdian ze urrats egin dituzue?
Euskara eta Hezkuntza batzordetik hausnarketa bat egin zen eta hortik abiatuta herriko gazte batzuk Tximista elkartea sortu zuten. Txirritola ere tartean dago; ea aurrera egiteko bideak sortzen ditugun. Lehenengo pausoak eman dira, eta ea lortzen dugun pixka bat egonkortzea, denen onerako.

Geratu da proiekturik egiteke?
Besteak beste, aparkalekuen arazoari ez diogu heldu. Hori utzi dugu egiteke. Autokontsumoaren gaia, bestalde, espero dut bideratuta uztea. Kiroldegian jarriko diren plakekin udal eraikinak hornitzea da asmoa.

Azken hilabeteetan zarata handia sortu du eolikoen kontuak. Nola baloratzen duzue bilera eta ze itxura hartzen diozue proiektuari?
Hauteskunde urtea da eta komunikabideak gainean ditugu. Aramaioko Udalaren iritziaren bila dabiltza, eta uste dugu hori oso tranposoa dela. Udalean erabaki dugu esku artean dugun informazio partekatzea; izan ere, gure artean ere iritzi ezberdinak daude, eta herri moduan iritzi bat garatu nahi dugu. Horretarako eskatu genuen bilera. Kultura etxean berba egin zuten denek kontra egin zuten, baina han zeuden denek ez zuten egin berba. Ez dakit... Uste dut oraindik gauza asko daudela definitzeko. Proiektuari buruzko informazio askorik ez zuten eman. Komunitate energetikoari buruz ere ez zuten ezer sakondu. Uste dut bidea egiten den heinean joango dela definitzen. Beste kontu bat da: zilegi da zortzi eoliko jartzea hor?

2023ko aurrekontuei begira jarrita, zeri emango diozue garrantzia?
Eskatzen ditugun dirulaguntzek asko baldintzatzen dute aurrekontua. Plan Foralean eskatu genituen Barajuen eta Suña berritzeko dirulaguntzak. Eskatu ditugun proiektuetara bideratuko da dirua lehenengo. Eta soberan dagoena batzordeetan banatuko dugu; ez da asko izaten. Egia esan, argindarrean eta gasean igoera handia izan dugu: 30.000 euro gehiago beharko ditugu urtea bukatzeko.

Ezer gehitu nahi duzu?
Zuntz optikoa dela-eta kexa dugu. Zabolan dago gizonezko bat telelaguntza gabe. Telefonicak dauka hori egiteko esleipena: kobrea kendu dute, baina ez dute zuntza jarri. Lotsagarria da guzti honen kudeaketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak