Gizonezkoendako tailerra egingo dute azaroaren 23an, eguaztena. Ez da ekintza puntuala izango; iazko abenduaz geroztik, gizonezko talde bat maskulinitatearen inguruko saioak lantzen ari da. Feminismoaren, genero rolen, indarkeriaren eta abarren inguruan hausnartzen dute. Eguazteneko saioa udaletxeko osoko bilkuren aretoan izango da, 17:30etik 20:30era.
Elkarretaratzea barikuan
Barikuan, azaroaren 25ean, elkarretaratzea egingo dute, plazan, 18:00etan. Itur Zuri emakume elkarteko Maider Bidaburu: "Beste ekitaldi bat ere egingo dugu, sinbolikoa. 2022an hil dituzten hiru emakume eta ume bat gogoan izateko. Herriko lau puntutan oinetako batzuk jarriko ditugu, jendeak kontzientzia izan dezan zer dabilen pasatzen".
Talde Feministako kide Sonia Etxenausiak hau gaineratu du: "Elkarretaratzearen ondoren, sinadurak batuko ditugu Immigrazio Legea aldatzeko eskatzeko".
Biolentzia obstetrikoa
Zapatuan, azaroaren 26an, biolentzia obstetrikoaren gaineko saioa egingo dute. Nerea Azkona eta Itziar Eizmendi izango dira hizlariak, Esku Hutsik elkarteko kideak. "Indarkeria matxista eta patriarkalaren beste forma bat da biolentzia obstetrikoa. Haurdunaldian hiltzen diren umeen inguruko tabua dago, adibidez; leku hori bete du Esku Hutsik elkarteak. Bestalde, erditzearen ondoren geratzen diren ondorio fisikoak, hormonak, menarkia, menopausia... landuko dituzte", dio Etxenausiak. Erditzeko garaian sortzen diren kezkez eta horien kudeaketaz hitz egingo du duela urtebete pasa sortutako taldeak. Erretiratuen elkartean izango da hitzaldia, 10:30etik 12:00etara.
Zinema-ziklo feministak
Antolatu dituzten ekitaldien barruan, bi zinema emanaldi egongo dira. Itur Zuri emakume taldeak Paulina filma eskainiko du azaroaren 27an, domeka, 19:00etan, kultura etxean. 2015. urtean Santiago Mitrek zuzendutako filma da, eta Dolores Fonzi du protagonista. Paulina abokatu gazte bat da; abokatu lanak alde batera utzi eta irakasle hasiko da auzune apal batean. Han, gau batean, eraso eta bortxatu egingo dute. Abenduaren 2an izango da beste zinema-ziklo feminista, 19:00etan, kultura etxean. Ikusiz Gozatu elkartearen eskutik. 5 lobitos filma emango dute, eta, gainera, Zinhezba elkarteko kideek solasaldia dinamizatuko dute. Zinhezba 2004an sortutako elkartea da eta helburu hau du:
zinemaren bidez giza eskubideetan heztea. 5 lobitos filmak familia barruko erlazioak tratatzen ditu.