Haziaraba in the mapping jaialdia ospatuko dute aurten ere Araban. Paraiso Antzerkia taldeak bultzatuta eta Arabako hainbat instituzioren laguntzarekin elkarlanean sortutako jaialdia da. Etxeko txikien alfabetatze kulturalerako zerbitzu publiko bat proposatzea du helburu jaialdiak. Hain zuzen, kulturaren haziak hedatu gura dituzte etxeko txikiengan. Bada, Haziaraba in the mapping jaialdiko hiru proposamen iritsiko dira Aramaiora. Horietako lehenengoa azaroaren 8an izango da, martitzena.
'Zerupean' ikuskizuna
Martitzenean, Zerupean ipuin interaktiboa aurkeztuko dute kultura etxean: bi emanaldi egingo dituzte, 16:30ean eta 17:45ean. Parte hartzeko, izena eman behar da udaletxean. "Zazpi etxola muntatuko ditugu, zapiarekin, gortinekin... Familiak etxolarik etxolara joango dira, bidea argiztatuz", azaldu du Paraiso Antzerkia taldeko aktore den Rosa Garcia Sardonek. Ura, argia, lurra eta airea izango dira osagaiak.
2 eta 5 urte bitarteko haurrendako emanaldia izango da: "Gure asmoa da familiek euren umeekin jolas egitea. Ez datoz hona umeak ekartzera bakarrik, umeekin egotera datoz".
'Xokolat'
Azaroaren 19an izango da hurrengo ikuskizuna, 18:00etan, kultura etxean. 2 eta 5 urte bitarteko haurrei zuzendutako antzerki emanaldia izango da. Bi emakumeren arteko istorio da kontatuko dena: batek ordena maitea du eta besteak, aldiz, hankaz gora jarri nahiko du lehenengoaren unibertso aseptikoa.
Umeendako zinema
Minimach animazioa zinema emanaldia aurkeztuko dute azaroaren 20an, 18:00etan, kultura etxean. 2 eta 6 urte bitarteko umeei zuzendutako emanaldia izango da. Umeen ikusmen-pertzepzioa hezteko eta irudimena suspertzeko balioko duen emanaldia da. "Askotan, umeak zinemara eramaten ditugu, baina ez dira euren adinerako egokiak izaten film horiek; luzeegiak izaten dira askotan", dio Garcia Sardonek. Hala, film laburrak eskainiko dituzte azaroaren 20ko emanaldian. Haurtzaroari zuzendutako programazioaren garrantziaz dihardu jaialdiak: "Oso behatzaileak dira eta emozioak pil-pilean dituzte".
Aramaiora oso gustura etortzen direla gehitu du Garcia Sardonek, harrera ona egiten dietela bai herritarrek eta baita eskolako kideek ere.