Euskal Herriko hiru txirlo txapelketako saioa egingo dute Untzillan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko urr. 22a, 12:12
Markina-Xemeingo saioko irabazleak.

Euskal Herriko 32. hiru txirlo txapelketako saioa izango dute gaur Untzillan, 17:00etan.

Bolo jokoak, eta, zehazki, hiru txirlo modalitateak indar handia izan du auzoetan. Azken urteetan auzoetako jaietan egin izan dira txapelketak, eta esan daiteke poliki-poliki indarra galdu duela jokoak. Bada, bolo jokorako Euskal Federazioaren laguntzarekin hiru txirlo modalitatea berpiztu gura da. Horretarako, Euskal Herriko txapelketako bi saio Aramaion jokatuko dituzte: gaur, zapatua, hirugarren saioa egingo dute, Untzillan, 17:00etan, eta azaroaren 19an, seigarren eta azken saioa, Etxaguenen.

Euskal Federazioko presidente Mikel Urkiak azaldu du hiru txirlo modalitatea "berpiztu" gura dutela. Horretarako, besteak beste, Etxaguengo bolatokia konpondu dute, han ere txapelketako saio bat egiteko. Azken urteetako geldialdiaren ondoren, aurtengoa Euskal Herriko 32. hiru txirlo txapelketa izango da. Urriaren 8an hasi zuten txapelketa, Eibarko Asola Berrin; urriaren 15ean, Markina-Xemeingo Barinaga auzoan jokatu zuten bigarren saioa. Hirugarrena bihar izango da, Untzillan.

Edonork parte har dezake

Gaurko saioan, eta baita beste guztietan ere, edonork parte har dezake. "Euskal Herriko txapelketan lehiatzeko federatuta egon beharko da, baina parte hartu eta diru-sariak lortzeko 5 euro ordaindu beharko dira izena ematerakoan", dio Urkiak. Diru sariak izango dira: lehenengoak 65 euro irabaziko ditu; bigarrenak, 50 euro; hirugarrenak, 35 euro; laugarrenak, 20 euro; bosgarrenak, 10 euro; eta seigarrenarendako "ustekabea"egongo da. Federazioko presidente Mikel Urkiaren esanetan: "Jendea gerturatzea nahi dugu, ez dugu petit comité eran egindako zerbait izatea gura".

Nola jokatzen den

"Zulo bat eta aho bat dituen bola da, baina horiek ez ditugu hatzak sartzeko erabiltzen. Aerodinamika hartzeko erabiltzen ditugu zuloak", dio Urkiak. Bola hartu eta zuloak beti ezkerrera begira jarri behar dira, eta bola aurrera zuzen bota behar da: "Bolak lurrean dagoen egurrezko oholtzan jo behar du, eta, ondoren, buztinezko pistan joango da. Lehenengo txirloa hamazazpi metrora jartzen da eta ondorengo bi txirloak metro banatara daude". Lehiakide bakoitzak hiru aldiz botatzen du bola; hala, pertsona bakoitzak gehienez bederatzi txirlo bota ditzake. Etxaguengo auzo-alkate Mikel Oterok azaldu du Etxaguengo bolatokia ezkertiarrak direnendako zailagoa dela, aldamenean horma bat duelako eta horrek traba egiten duelako.

Bola eta txirloak

Urkiak azaldu du txirloak eta bola eskuz eginak izaten direla: "Azken 39 urteetan Antonio Ibarluzeak egin izan ditu, Markina-Xemeingo semea". 60 urterekin hasi zen Ibarluzea bolak eta txirloak egiten, eta argindarrik erabili gabe egiten ditu, denak eskuz. 

Txapelketaren nondik norakoak

Euskal Herriko txapelketako lehenengo saioan 69 parte-hartzaile izan ziren eta bigarrenean, 72. Lehenengo bi saioetan egindako lana kontuan hartuta, Asola Berri taldeko Ganix Rodriguez dago lehenengo postuan. Azaroaren 5ean, Ziortza-Bolibargo Iruzubieta auzoan jokatuko dute laugarren saioa, eta bosgarrena Debagoienean izango da, Leintz Gatzagan, hain zuzen, azaroaren 12an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak