Iker Senar: "Enduroko jaitsieren adrenalina dut gustuko"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko urr. 20a, 20:00

Iker Senar bizikletarekin.

Orain dela bost urte hasi zen enduro modalitatea praktikatzen Iker Senar Domingo (Aramaio, 1993), eta, egun, lasterketetan aurrean dabil. Enduroko jaitsierak duen adrenalina atsegin du Senarrek, eta gaineratu du kirol konpletoa dela.

Bizikleta jaitsierak praktikatzeko inguruan dauden leku aproposak nabarmendu ditu, eta baita hainbat zalek egiten duten lana pistak txukun mantentzeko.

Zer du enduroak horrela zaletasuna sortzeko?
Jaitsiera politak ditu, adrenalina ematen dutenak. Izan ere, errepideko bizikleta monotonoa- goa egiten zait; eta mendikoa, aldiz, erakargarriagoa dela esango nuke.

Irail amaieran, Arrasateko enduro mendi lasterketa jokatu zenuen, eta hirugarren postua lortu. Espero zenuen?
Hemen inguruan entrenatzen naiz; hortaz, leku ezagunetan lehiatzeak abantaila ematen du. Espero nuen ondo ibiltzea, eta egia da lehenengo hiru tramuak kontuan hartuta denbora onena egin nuela. Hala ere, azkenerako, Markel Uriartek eta Adiran Juradok aurre hartu ninduten; asko ibiltzen diren txirrindulariak dira.

Arrasatekoa, gainera, Euskal Herrian jokatzen den bakarrenetakoa da. Non lehiatzen zara?
Bai, inguruan lasterketa gutxi egiten dira. Arrasatekoaz gain, Nafarroan ere egiten dira; eta, gainontzean, kanpora joan behar da: Pirinioetara, Asturiasera, Galiziara... Espainiako txapelketako lasterketara joatea zaila egiten zait: urrun daude, kilometro asko egin behar dira, eta, gainera, asko entrenatu behar da. Urtero joaten naiz, adibidez, Castejon de Sosera (Huesca). Asko gustatzen zait.

Zer eskatzen du kirol modalitate honek?
Oso konpletoa da. Ibilbide osoa bizikleta gainean egiten da eta erreflexua, oreka, indarra... lantzen dira, bai hanketakoa eta baita gorputzeko goiko atalekoa ere.

Kanpotik ikusita, kirol gogorra dirudi. Minik ez hartzea garrantzitsua izango da txapelketan aurrera egiteko.
Bai, baina, momentuz, ondo nabil. Hasieran, hasi nintzenean, beti lurrean ibiltzen nintzen... Ez nintzen hain trebea. Egia da kolpe txarren bat hartu dudala, baina, batez ere, bizikleta bera apurtu izan dut.

Nolako bizikletak izaten dira endurokoak?
Mendiko bizikletak izaten dira, baina duten berezitasuna da moteltze edo amortiguazio lu- zeagoak dituztela, kolpeak hobeto hartzeko. Gurpilak ere handiagoak dira.

Bost urte dira enduroan hasi zinela. Nolako bilakaera izan duzu?
Oñatira bizi izatera joan nintzenean hasi nintzen enduroa praktikatzen. Egia da azkeneko bi urteetan asko hobetu dudala. Markel Uriarte, esaterako, erreferente moduan izan dut, nire mailatik oso urruti ikusten nuen; eta, azkenaldian, podium batera igo naiz Markelekin batera.

Enduroko lasterketak amaituta, ziklo-krosean arituko zara?
Geratzen diren enduroko lasterketak hemendik oso urruti daude. Horregatik, ziklo-kros denboraldiari ekingo diot: dagoeneko bi proba egin ditut, Ortuellan bat eta Burgosen beste bat. Domeka honetan beste lasterketa bat izango dut, Berrizen. Ez daukat talderik, nire kabuz nabil, baina egia da Gasteizko Vibike bizikleta-dendak laguntzen didala.

Aramaion dauden inguruak ikusita, mendiko bizikletarekin ibiltzeko leku aproposak egongo dira.
Bai, badaude lekuak. Arrasaten ditudan lagunei esker sartu nintzen mundu honetan, eta esan behar da lan handia egiten dutela pistak konpontzen eta mantentzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak