Esperientziaz gozatu du Abarrategik; oraingo aste bukaeran, Agirreren txanda izango da

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko ira. 30a, 10:00
Peru Abarrategi kantuan; atzean, Alaia Martin. Argazkia: 'bertsozale.eus'

Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo saioan abestu zuen Peru Abarrategik irailaren 24an; etzi, domeka, Manex Agirreren txanda izango da.

Esperientzia berria izan zen zapatukoa Peru Abarrategi aramaioarrarendako. Bertsolari Txapelketa Nagusian estreinatu zen, Getxon: urduri hasi zen Abarrategi, baina saioak aurrera egin ahala nerbioak kontrolatu eta gozatzeko aukera ere izan zuela aitortu dio GOIENA-ri.

Sei bertsolari ibili ziren kantuan. Ariketa puntuagarriak egin ostean, honela geratu zen sailkapena: 738 puntu batu zituen Alaia Martinek. Haren ondotik geratu ziren Nerea Elustondo, 695ekin, Agin Laburu, 685ekin, Oihana Bartra, 653,5ekin, Unai Mendizabal, 635ekin, eta Peru Abarrategi, 627rekin. Martin finalaurrekoetarako sailkatu zen zuzenean; besteek lehen faseko saio guztiak amaitu arte itxaron beharko dute sailkatu diren edo ez jakiteko. Puntuazioari begira jarrita, hamarreko txikian ibili zen ondoen Abarrategi. Harena izan zen bigarren puntuazio altuena ariketa horretan, Alaia Martinenaren atzetik. "Alaiarekin egokitu zitzaidan kantatzea, eta ederra izan zen. Jende askok ere esan zidan oso polita joan zela ofizio hori, eta ni alde positiboarekin geratuko naiz", dio aramaioarrak.

Esperientzia pilatzen

Etorkizunean balioko dion esperientzia izan zela dio Abarrategik: "Puntuetan azkena geratzea tokatu zitzaidan, baina ez da gauza bat atzera eragiten didana, badakit-eta ze izenen inguruan ibili nintzen kantuan". Domekan Arrasaten jokatu zen txapelketako lehenengo faseko bigarren saioa. Joanes Illarregik lortu zuen puntuazio altuena, eta, ondorioz, finalaurrekoetarako sailkapena.

Manex Agirre, domekan

Asteburuan beste bi saioa jokatuko dituzte: bihar, Gotaine-Iribarnen, eta domekan, Gasteizen, Maria de Maeztu aretoan, 17:00etan. Gasteizko saioan Manex Agirrek parte hartuko du; Txapelketa Nagusian badu esperientzia, 2013an kantatu zuen eta. Oraingoan, Amaia Iturriotz, Haritz Mujika, Iban Urdangarin, Miren Artetxe eta Xabat Galletebeitia izango ditu ondoan. "Bakoitzak bere proiekzioa egiten du eta ni aspirazio handi barik nago. Saio ona egin eta neure buruarekin pozik geratzeko gogoz; ea akats gutxi egiten ditudan. Nik aspiraziorik ez izateak ez du esan nahi beste batzuek ez dutenik izango, normala den moduan. Ez dut uste kantxa faktoreak eragiten duenik, baina niretzako erosoa izan daiteke Gasteizen abestea. Abesteko gogoz nago", azaldu du Agirrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak