Lagun artean dantzatu nahi duenak, badaki

Hasier Larrea 2022ko urr. 1a, 10:36

Joan den domekako Sagardo Egunean, Lagun Artean taldekoak dantzan.

Bereziki euskal dantzak jorratzen dituen Lagun Artean taldea 1956a ezkero ari da Aramaion dantzarekiko zaletasuna sustatzen. Dagoeneko ekin diote ikasturte berriari, Sagardo Egunean erakutsi zuten moduan. 4 urtetik gorako edonor dago gonbidatuta.

Adin tarteen araberako sei taldek osatzen dute Lagun Artean: dantzari helduen talde batek eta adinez txikikoak diren bost taldek. Adinez nagusiak diren taldean hamasei dantzari daude gaur egun, eta, orokorrean, euskal dantzak eta koreografia itxiak ikasten dituzte. Bestalde, talde gazteetan zortzina lagun inguru aritzen dira. "Ume txikienekin gorputz adierazmena, sormena eta jolasak txertatzen saiatzen gara", adierazi du Oihane Vicentek. Hura da guztien irakasle, sei urte daramatza egiteko horretan eta "gustura asko" aritzen da, hein handi batean, aramaioarrak "oso animatuak" direlako.

"Ohiko ikasturtea" aurreikusten du Vicentek, nahiz eta ez duen ukatzen "sorpresak" egon daitezkeela: "Izan ere, herri mailako ekitaldien atarian beti dago proposamen berriekin etortzen den baten bat".

HERRIKO JAIETAN, ADIBIDEZ, HELDUEK ARIN-ARINA SALSA ESTILOAZ NAHASTUTA DANTZATU ZUTEN

Mutilak falta dira

Ostegun eta ostiral arratsaldeetan egiten dituzte ordubete inguruko txandakako saioak kiroldegian. 90eko hamarkadan egondako etenaldia "aspaldi" gaindituta, "osasuntsu" dago gaur egun Lagun Artean. Aldarte hori eta orain arte egindako ibilbidea azalduko duen dokumentala ere hasiak dira ekoizten eta grabatzen, Mikel Serratok zuzenduta.

Baina beti dago hobetzeko zerbait, eta, kasu honetan, taldeak generoaren aldetik desorekatuta daudela aipatu du irakasleak: "Herri gehienetan dagoen arazoa da, mutilei kirolaren eta dantzaren artean aukeratzeko unea iristen zaienean kirolaren alde lerratzen direlako, gehienetan; zaila da hori iraultzeko formula bilatzea".

Hurrengoa, jubilatuekin

Urri bukaeran, Jubilatuen Egunean, egingo dituzten dantzaldiak prestatzen jarriko dira datozen asteetan. Taldeko dinamikan sartu nahi duenak 656 73 68 47 zenbakia du eskura.

Ekitaldiek, "harrera beroa"

Erretiratuen Eguna, Gaba Baltza, Euskararen Eguna, Inauteriak, Dantzari Txikien Eguna, sanmartinak... Askotariko ekintzetan parte hartzen dute Lagun Artean taldeko kideek. Erakustaldi publikook prestatzerakoan ekarpen ugari egiten dituzte dantzariek, dantza-pausoak eta arropak aukeratzeko garaian: "Emaitza gustuko izaten du ikusleak".

Aurtengo sanmartinetan, haur jaioberrien ongietorriko ikuskizuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak