Txapelketan arituko dira bertsolari aramaioarrak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko ira. 23a, 10:31

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia hasiko da bihar, eta parte hartuko dute Peru abarrategi eta Manex Agirre bertsolariek. Batak lehen aldia du eta besteak, bigarrena; dena den, biek uste dute "aldaketa une batean" dagoela bertsolaritza.

Iaz zen egitekoa Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, baina urtebete atzeratu behar izan zuten, izurritearengatik. Azkenean, bihar emango diote hasiera, Getxon (Bizkaia), eta Arrasaten izango da hurrengo saioa, etzi. Bertsozale Elkartearen arabera, bertsolariak ez ezik, publikoa ere "irrikaz" dago, eta Gontzal Agote talde antolatzaileko kideak, berriz, uste du "orain arteko aldiak bertso mundua hankaz gora" jarri badu ere, egon dela heldulekurik. "Bertso plaza berpiztu egin da". Bada, 41 bertsolari arituko dira plaza horretan, eta tartean dira Peru Abarrategi eta Manex Agirre aramaioarrak ere.

Biharko saioan abestuko du Abarrategik, Arabako txapela eskuratuta. "Uste dut baietz, prest nagoela. Sentsazio berriak dira niretzako, baina gozatzea dut asmo; txapelketa nagusian egonda, hala ez egiteak amorrua emango lidake". Agirrek, aldiz, Gasteizko saioan hartuko du parte, urriaren 2an. Dena den, aitortu du "oraindik hotz samar" dagoela. "Sailkatu ginenetik genekien bazetorrela, udaberritik, baina benetan orain ari gara kontziente egiten".

Zehazki, hamalau saioko txapelketa izango da. Lehenengo fasean, 36 bertsolari arituko dira, eta talde bakoitzeko irabazleak zein puntu onenak dituztenak igaroko dira finalaurrekoetara. Lehenengo itzulian, azken txapelketako finalistekin batera arituko dira bertsotan, eta fase horretako irabazleak zein puntuazio onena dutenak bigarrengora pasatuko dira. Azkenik, Maialen Lujanbio gaur egungo txapeldunak eta finalerdikoetako zazpi bertsolaririk onenak ariko dira finalean. Iruñeko Nafarroa Arenan egingo da, bertsogintza Euskal Herriko txoko gehiagotara hedatzeko, azken urteetan BECen (Bizkaia) egin izan baita.

Aurre-esperientziak

Bi bertsolariek azaldu dutenez, nahiz eta udara "garai nekeza" izan, elkarrekin aritu dira bertsotan, eta baita Aramaioko bertso eskolako lagun batzuekin ere. Agirreren ustetan, "horrek, gutxienez, txapelketaren barruan sentitzen" laguntzen du, eta Abarrategik erantsi du "etxeko lanak eginda" joango direla saioetara. Haren kasuan, gainera, lehen aldia izango du Euskal Herriko Txapelketa Nagusian, eta herrikideak, bigarrena, 2013an aritu baitzen.

"Zortzi urte baino gehiago igaro dira ordutik, eta orduan nintzena eta gaur naizena oso pertsona ezberdinak dira", kontatu du Agirrek. Bertsolaritzarekin duen harremana ere "oso bestelakoa" dela adierazi du, eta orduko esperientzia ez dela harentzako erreferentzia bat. Beraz, orain, espero du "saio ona" egitea. "Hori beti esan ohi dugu, baina benetan nahi dugulako da, ez da klixe bat". Are, nabarmendu du lurraldeetako txapelketetan elkar ondo ezagutu ohi dutela, eta erlazioa ere badagoela bertsolarien artean, baina, oraingoan, denak ezagututa ere, ez dutela harreman berbera bertsokide guztiekin.

Hain justu, Amaia Iturriotz, Haritz Mujika, Iban Urdangarin, Miren Artetxe eta Xabat Galletebeitia arituko dira bertsotan oholtza gainean Agirrerekin batera, eta Agin Laburu, Nerea Elustondo, Eneko Lazkoz, Oihana Bartra eta Unai Mendizabal, berriz, Abarrategirekin. "Ziurrenik, Euskal Herriko txapelketak aukera hau emango ez balit, agian, zaila izango litzateke jende horrekin plazan elkartzea; aukera polita da", aipatu du Abarrategik. Are, jendeak esan ohi dio bertso saioak "oso itxura polita" duela, eta, beraz, ziur dago guztien artean "kimika" lortuz gero, eta tentsio eta urduritasunak kontrolatuz gero, "oso ondo" aterako dela.

Aldaketaren unea

2022ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian, gainera, azken urteetan ohikoak izan diren aurpegi batzuk faltako dira, parte ez hartzeko erabakia hartuta. Beraz, bi bertsolariek uste dute aldaketarako unea izan daitekeela. "Jende bat lehenengo lerrora pasatzeko urtea izango da. Agerikoa da, azken txapelketako finalean egon ziren batzuk ez direlako egongo, eta plaza batzuk hutsik gelditzean, borroka egoten delako", esan du Agirrek. Eta, erantsi du bertsotan egiteko "beste estilo batzuk" ere espero dituela. Horrek, gainera, jarraitzeko "gogotsu egotea" sorrarazten dio.

Bertsokidearen eran, Abarrategik ere uste du "aurpegi berriak" ikusteko aukera egongo dela aurtengoan, lurraldeetakoetan jada hainbat izan direlako agertu direnak ere, hala nola Saioa Alkaiza Nafarroan eta Nerea Ibarzabal Bizkaian. Uste du hori bertsolaritza "osasuntsu" dagoen adierazle dela, eta "garrantzitsua" dela "azpitik" jende berria datorrela ikustea, urteetan aritu direnek albo batera pauso bat emateko erabakia hartzearekin bat. "Gurpila ez dadila gelditu; dena joango da aurrera".

Gurpil horretan arituko dira, beraz, bi aramaioarrak ere, Txapelketa Nagusian parte hartuko duten debagoiendar bakarrak. Baina egongo dira beste 39 bertsolari ere. Dena den, abenduaren 18an jakingo da nork jantziko duen aurten euskal bertsolaritzaren txapela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak