Manuel Arroyo bildumazale hernialdearra ibili da erakusketa prestatzeko lanetan. Garaiko arropak eta materiala jarri dituzte ikusgai hilaren 20ra arte zabalik egongo den erakusketan.
Hitzaldia gaur, 18:30ean
Patxi Salaberri aramaioarrak hitzaldia egingo du gaur, Sastiñan, 18:30ean. "Santa Kruz apaizaren inguruko hiruzpalau anekdota ezagutzen ditugu, baina nik nahi dudana da jendeak ulertzea zertan ibili zen eta zer motibazio izan zituen", dio Salaberrik.
Manuel Ignazio Santa Kruz 1842an jaio zen, Elduainen. Oso gazte geratu zen umezurtz, eta, ondorioz, osaba batekin hazi zen eta apaiztu egin zen. 1866an, Hernialdera bidali zuten apaiz lanetara. Handik gutxira, karlismoaren inguruko propaganda aktiboa egiten hasi zen eta arrazoi hori tarteko atxilotu egin zuten 1870ean. Orduko hartan ere ihes egin eta Ipar Euskal Herrira joan zen. Bigarren Karlistaldian Aramaion atxilotu zuten, 1872an, eta fusilatu behar zuten bezperan egin zuen ihes. Santa Kruz apaizaren egiteko moduez jardun du Salaberrik: "Nolako kontrasteak zituen, ez bakarrik karlisten etsaiekin, baita karlismoaren buruzagi militarrekin. Testuingurua ulertzea nahiko nuke, ez bakarrik irudia".
Dokumentala domekan
Ihesaldiaren 150. urteurrenaren, inguruan beste ekitaldi bat ere antolatu du Udalak. Domekan,kultura etxean, Apaiz gartzela ikus-entzunezkoa emango dute, 19:00etan.
Erakusketa: ordutegia
Sastiñako erakusketa hilaren 20ra arte egongo da ikusgai.
- Irailaren 15ean, eguena: 18:30etik 20:30era.
- Irailaren 17an, zapatua: 12:00etatik 14:00etara.
- Irailaren 18an, domeka: 12:00etatik 14:00etara.
- Irailaren 19an, astelehena: 18:00etatik 19:30era.
- Irailaren 20an, martitzena: 18:00etatik 19:30era.