Uztailaren 30ean, 100 urte bete ziren Micaela Portilla antropologoa, historialaria eta pedagogoa jaio zela. Urteurren borobila aprobetxatuta, omenaldi berezia egin zion Arabako Foru Aldundiak Fontechan, Portillaren izena daraman lantegi eskolaren egoitzan.
Ekitaldia hasi zuten Portillaren irudia eta haren jaiotzaren mendeurrenaren urteurrena gogoratzen dituen plaka bat inauguratuz. Plaka harrizko monolito baten gainean dago.
Dokumentala egingo dute
Omenaldiaz gain, Micaela Portilla fundazioak, Aldundiaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin, dokumental bat egingo du, Portillaren bizitza jasoko duena. Dokumentalean pertsona eta haren lana ezagutarazi nahi dute; eta, era berean, emakumea eta zientzialaria omendu. Ikus-entzunezkoan, Arabako hainbat herritan egindako ekitaldien bideoak, argazkiak, oroitzapen pertsonalak... jaso nahi dituzte. Besteak beste, Portillaren bizitzako leku esanguratsuenak batu nahi dituzte: Gasteizko San Pedro eliza eta hazten ikusi zuen etxea, Samaniego kaleko 6. zenbakia; irakasle moduan lehen urratsak egin zituen Aramaio; Madril, Artearen Historiako irakasle izan zen han; eta baita Lovaina ere.
1945ean etorri zen Untzillara Portilla, maistra lanak egitera.
Haren lehen ikasleak
Untzillako hamabi bat neska-mutiko izan ziren Portillaren lehen ikasleak. Honela gogoratzen du Juana Mendizabalek: "Gellao auzokoa naiz ni, baina Untzillako eskolara etortzen nintzen. Kategoriako irakaslea izan zen, inork ez dizu gaizki berba egingo. Ikasle guztiak berdin tratatzen zituen, maitasun handiarekin. Maistra izateko bokazioa zuen, umeak gustuko zituen. Guk ere asko maite genuen hura". Mendizabalek dio 10 bat urte zituela Portilla Untzillara etorri zenean –egun, 88 urte ditu–. Pena du, urte bakarra egin zuelako Untzillan maistra: "Lastima denbora gutxi egin zuela, bestela irtengo ginen...". 2005eko urriaren 8an hil zen Portilla. Urtebete geroago, omenaldia egin zioten Untzillan.
Kaleko erakusketa
Aramaioko herriak eta baita Udalak ere ondo gogoan dute Micaela Portillak egindako ekarpena. Hori horrela, ikuspegi feministatik egin zitzaion omenaldia Martxoaren 8an. Aramaioko herriari ekarpena egin dioten emakumeak omendu zituzten: kaleko erakusketa inauguratu zuten, Aramaion garrantzitsuak izan diren 12 emakumeren izenekin; tartean, Micaela Portilla. Eskolako atearen ondoan dago Portillaren omenezko plaka, erretratuarekin eta azalpenarekin. 1945ean Untzillan irakasle egindako lana aipatzen da; baina baita Portillak idatzi zituen arte eta historia liburuetan Aramaioko artelanak bildu izana ere. Izan ere, Portillak milaka orri idatzi zituen artikulu eta liburuetan; Arabako eta Aramaioko ondare historikoa eta artistikoa gordetzeko lan handia egin zuen.