Abuztuaren 4an zabalduko dute Oletako Herriko Taberna

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko uzt. 22a, 13:36
Kike Muñoz eta Maria Fernandez, Oletan. Argazkia: Tzaitel Aldasoro.

Abuztuaren 4an, eguena, zabalduko dituzte Oletako Herriko Tabernako ateak. Apiril amaieran atera zuten lehiaketara tabernaren kudeaketaren esleipena; bada, lehiaketa eginda, Maria Fernandezek eta Kike Muñozek eroango dute kudeaketaren ardura.

"Ilusioz" daude lanari ekiteko eta Oletako "komunitatearen parte sentitzeko". Euren asmoa da goiz eta eguerdi partean zabaltzea, eta baita arratsaldeetan ere, afariak emateko. "Hasiera batean, plater konbinatuak, ogitartekoak, erra- zioak, pintxoak... eskainiko ditugu", azaldu dute, eta gehitu dute: "Nahi dugu produktuaren kalitatea izatea eskaintzaren oinarria, bertako produktuak izatea eta denendako moduko prezioetan". Gaur-gaurkoz, ez dute eguneko menurik eskainiko tabernan.

Kultura eskaintza

"Herri txiki batean bizi izateak dakar kultur eskaintzaren zati batera ezin iristea... Horregatik nahi dugu kultura eskaintza hori gurera ekarri", diote Fernandezek eta Muñozek. Hainbat ideia dituzte buruan: "Liburu aurkezpenak egitea, hitzaldiak, mikologia kontuak, ikastaro praktikoak...". Adibide moduan, Muñozek dio gaur egun ortu asko jartzen direla; bada, ortuetako produktuak noiz landatu, zela zaindu... Horrelako ikastaro praktikoak eskaintzea aztertzen ari dira. "Bultzatu nahi dugu gune kultural eta artistikoa, jendeak leku bat izatea jakintza besteekin partekatzeko", gehitu du. Horrez gain, tabernak goiko aldean duen gela handiari ere zukua atera nahiko liokete, eta ikastaroak eskaintzeko aukera eman. Horretarako, baina, Kontzejuarekin berba egin behar dutela diote.

Landa-ingurunea

Maria Fernandez eta Kike Muñoz La Adrada (Avila) eta Campillo de Deleitoso (Caceres) herrikoak dira, hurrenez hurren. Ingurune natural batean bizi izateari garrantzia ematen diote, eta, hori horrela, Lizarra inguruan ibili dira lanean orain arte, erromesen aterpetxe batean. "Inguru honetako lagunak ditugu eta eurek komentatu ziguten Oletako tabernan arduradun bila zebiltzala", azaldu dute. Berehala interesatu ziren lekuarekin, eta lehiaketara aurkeztea erabaki zuten: "Ikusgarria iruditu zaigu Urkiola parke naturala, eta, horrez gain, komunitateari zerbitzua emateak asebetetzen gaitu". Betidanik bizi nahi izan dute landa-ingurunean, eta, horrez gain, balioa eman nahi diete landa-inguruneei eta nekazaritza munduari.

Aisialdi-gunea

Fernandezek eta Muñozek badakite ingurunea bera aisialdirako gune egokia dela: "Mendira joan, bizikletan ibili... Jende asko ibiltzen da aisialdiaz gozatzen, eta guk ere gustuko dugu aisialdi mota hori". Oletako Herriko Tabernaren ardura hartuta profesionalki garatzeko aukera izango dutela diote, baina euren ilusioa hori baino gehiago da: "Oletako komunitatearen parte izan nahi dugu, eta bertara egin nahi dugu". Horregatik, oletarrak, aramaioarrak eta bailarako herritarrak animatu nahi dituzte hara joan eta eskaintzaz gozatzera.

Oletarren bilgune

Martxo amaieran itxi zuten Oletako taberna, eta ordutik topaleku barik egon da auzoa. Tzaitel Aldasoro da Oletako kontzejuko lehendakaria, eta bere garaian azaldu zuen taberna dela herritarren bilgunea, auzotarrak elkartzeko gunea. Taberna zabalik egoteak animoa ematen dio auzoari, eta, horregatik, pozik daude berriro ere zabalduko delako. Betiko ohiturak berreskuratu nahi dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak