Hainbat proiektu egiteko, 255.330,27 euro txertatuko dituzte aurtengo aurrekontuan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko uzt. 8a, 08:00

Osoko bilkuran, zinegotziak eta idazkaria.

Ekainaren 30ean egindako ohiko osoko bilkuran onartu zuten, aho batez, kreditu aldaketa egitea.

Hala, 255.330,27 euro txertatuko dira 2022ko aurrekontura. Helburua da "diru hori erabilgarri izatea" hainbat proiektu aurrera eramateko. Lierni Altuna alkateak zerrendatu zituen esku artean dituzten proiektuak: Bizente Goikoetxearen estatua berritzea; kultura etxeko aretoan hobekuntzak egitea, argiteriari eta soinuari dagokionez; Santa Ana ermitan harria ateratzea; auzoetan buzoi komunitarioak jartzea –Eguzkierripan eta Gantzagan jarriko dira proba moduan–; farol berriak jartzea Zalgon eta plaza ondoan; asfaltoa botatzea hainbat bidetan; maskulinitate tailerraren hirugarren saioa egitea –hala eskatu dute parte hartu dutenek–; D2030 ekimenean parte hartzea, herriko energia aukeren azterketa egiteko; gazte txokoa, nerabeen aisialdirako talde bat sortu da, baina espazio baten beharra ere badute; Iturrizuriko ur arazoak konpontzea; Correoseko bulego barik geratu denez herria, paketeak jasotzeko posta-kutxa bat jartzea; eta anbulatorioko arrapala handitzea, irisgarri egin eta esku-ohe bat sartzeko aukera emateko. Iazko aurrekontuko soberakinetik hartuko da diru kopuru hori –gehiago geratzen da soberakinean–. "Hau da lehenengo proposamena, eta ondoren irailean ere egin daiteke beste bat", gehitu zuen alkateak.

Horrez gain, kiroldegiko obraren espedienteko agirien aldaketa egin eta lehiaketa berriz hastea onartu zuten.

Euskadi Lagunkoia

Euskadi Lagunkoia ekimenera atxikitzea onartu zuen udalbatzak, aho batez. Martxo amaieran, Euskadi Lagunkoia zer den azaltzen egon zen ekimeneko kide Ainara Tomasena; bada, zortzi laguneko talde eragilea sortu dute Aramaion, ekimenarekin aurrera egin nahi dutenek. "EAE mailan, 70 herri daude atxikituta ekimenera", azaldu zuen Cristina Etxenausia zinegotziak. Ekimenaren helburua da herritarren parte-hartzea bultzatzea, herriak eta auzoak hobetzen joateko. Adineko pertsonekiko hiri lagunkoia sortu eta zahartze aktiboa sustatzea da asmoa. Behin talde eragilea sortuta, Udala bidelagun izango dute proiektuan zehar.

2023ko jai egun ofiziala

2023ko azaroaren 11, San Martin eguna, zapatua izango da. Hori horrela, udalbatzak erabaki du jai egun ofiziala uztailaren 3a izatea, astelehena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak