Jaietarako gogotsu zeuden aramaioarrak, eta horrela erakutsi dute jaietarako prestatu diren ekitaldietan. "Pozik gaude, sentsazio onarekin. Eguraldi ona egin du eta ekintzak jendetsuak izan dira", dio Kultura zinegotzi Ana Martiarenak. Kanpotik jende askorik ez etorri arren, "neurri egokia" izan dutela jaiek gehitu du. Gertakari larririk ez dute izan jaietan; hala ere, seinale batzuk apurtu eta errekara bota dituztela esan du Martiarenak.
Anbotoko Mari, balkoian
Patata-tortilla onena Iñaki Etxebestek egindakoa izan zen
Anboto mendia utzi eta aurten bai, Mari udaletxeko balkoira jaitsi, eta jaietako sua piztu du. Orixol Mendizale Elkartekoek izan zuten pregoia eta txupinazoa botatzeko ardura, elkartearen 50. urteurrena ospatzeko. Bariku ilunkeran eta gauean musikak hartu zuen herria: txosnagunean egindako musika kontzertuek harrera beroa izan zuten. Zapatu goizean, aldiz, ohiko bilakatu den patata-tortilla lehiaketa egin zuten: lau talde lehiatu ziren eta denetan tortilla onena Iñaki Etxebestek egindakoa izan zen.
Kirolak ere izan du tartetxoa jaietan. Plater tiroketa txapelketa egin zuten Kruzetan. Hamar tiratzailek parte hartu zuten txapelketan: Juan Luis Nafarrate nagusitu zen, 24 plater apurtuta: bigarren Jon Uribarren, 22 plater +2 eginda; eta hirugarren, Igor Lasaga, 22 plater +0eginda. Bigarren street boulder
txapelketa jokatu zuten domekan; sei eskalatzaile ibili ziren herriko hainbat txokotako hormak igotzen. Lagun giroan pasa zuten arratsaldea.
Eguzkia sartzen denean
Hiru kuadrilla lehiatu ziren pikean: Aramaio 1 taldea nagusitu zen
Domeka gauean, eguzkia sartzearekin batera, Deabru Beltzak taldeak Les Tanbours de feu ikuskizuna egin zuen. Iluntasunaren babesean, danbor hots bortitzekin, kalejiran jardun zuten. Gazte Asanbladak ere hainbat ekintza antolatu ditu jaiei begira. Horietako bat kuadrillen arteko pikea izan da. Astelehen arratsaldean jokatu zuten: hiru kuadrillak parte hartu zuten, Aramaioko bik eta Elorrioko batek. Bada, Aramaio 1 taldea nagusitu zen. Lau proba eta finala egin behar izan zituzten. Katxi toldo probarekin gozatu zuten gehien. Film laburren lehiaketan Eua de' gaupasse taldeak irabazi zuen saria.
Astelehen gauean, mozorro onenaren saria Ezkontza taldeak eraman zuen, eta urtero banatzen duten parrandazale saria Oihan Azkaratek eroan du: urrezko gibela, hain zuzen.