Aramaioko ume jaioberriei ongietorria egitea urteroko hitzordu bilakatu da dagoeneko. Orain dela urte batzuk hasi ziren ekitaldia antolatzen. Azkeneko bi urteetan pilotalekuan egin dute ekitaldia, eta aurten berriro ere plazan egingo dute. Domekan izango da ongietorria, 13:00etan. 12:00etan meza izango dute eta ondoren kalejiran joango dira udal ordezkariak plazaraino, han ongietorria egiteko.
Ekitaldian parte hartuko duen zortzi umeetako bat Josu Balantzategi Grimaldo txikia izango da. "Martxoaren 24an jaio zen Josu", azaldu du haren ama Janet Grimaldok, eta gehitu du: "Oso ondo iruditzen zait ongietorria egitea. Oso garrantzitsua da, gainera, herrira iritsi berri diren pertsona txiki horiekin gogoratzea".
Esperientzia polita
Lehenengo semearekin, Xabirekin, ongietorrian parte hartu zuten orain dela lau urte. Oroitzapen "polita" duela azaldu du Grimaldok. Ongietorriaren ondoren, Lagun Artean herriko dantza taldeak dantza ikuskizuna egingo du. Azkenaldian moduan, ekitaldi originala izango da, eta egunerako propio prestatu dituzten dantzak erakutsiko dituzte.