Jan edana ez da faltako aurtengo jaietan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko uzt. 1a, 11:00

Artxiboko irudia.

Eusko label parrilladan, txerri-saiheski pintxoak salduko dituzte 2 euroren truke.

Jaietan jana eta edana ez da falta izaten. Eta Aramaioko San Martin jaietan ere izango dute mahaiaren bueltan eseri eta janari goxoez gozatzeko aukera. Zapatuan, mahaiaren bueltan jarri aurretik lan egin beharko dute. Patata-tortilla lehiaketa egingo dute, 12:00etan, udaletxeko arkupeetan. Patatak, olioa, gatza eta arrautzak antolakuntzak jarriko ditu. Gainerako osagai sekretuak eta mimoa parte-hartzaileek jarri beharko dituzte.

Etxetik eramandakoa

Domekan, 20:00etan, eusko label parrillada egingo dute herriko plazan. Herritar guztiak daude gonbidatuta parrilladan egingo dituzten txerri-saiheskiak jatera. Pintxoak 2 euroren truke salduko dituzte. Horrez gain, domekan, Gazte Asanbladak antolatuta, Zuk in zuk jan afaria egingo dute txosnagunean, 21:30ean. Antolatzaileek azaldu dute etxetik eraman beharko dela afaria: "Bakoitzak ekar dezala zer edo zer etxetik; eta guztion artean banatuko dugu ekarritakoa".

Herri afaria

Astelehenean, herri afaria egingo dute herriko plazan, 21:30ean. San Martin jaietan indar handia duen ekitaldia izaten da herri afaria. Txartelak salgai egon dira astean zehar, 18 eurotan. Mozorro eguna ere izaten da astelehena; bada, mozorro onenaren saria banatuko dute astelehenean, eta afariaren ostean Urrezko Gibelaren saria banatuko dute –parrandazale onena–. Afalostea, gainera, musikaz lagunduta egongo da: Orkestra elektrotxarangarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak