Musikak protagonismo berezia izaten du jaietan; bada, aurten ere horrela izango da. Murrizketarik gabeko jaietara bueltatuko dira aurten Aramaion eta eskaintza zabala prestatu dute. Gazte Asanbladak antolatuta, gaur, talde berrien eta ingurukoen emanaldiak izango dira. "Pozten gaitu ingurukoak, ezagunak, lagunak... izatea", dio Gazte Asanbladako kide Unai Etxenausiak. Añube, Libertad Condicional eta Rebel Noise taldeek joko dute gaur, txosnagunean , 00:00etan. Rebel Noise taldeak orain dela hilabete argitaratu zuen Infernuko atea deituriko lana; bada, disko berriko abestiak eta bertsioak joko dituzte. "Izugarrizko gogoarekin nago kontzerturako. Etxekoen aurrean, kuadrillakoen aurrean... motibatuta nago", azaldu du Oihan Azkaratek, Rebel Nois taldeko aramaioarrak.
Bihar, zapatua, Doce C taldearen kontzertua izango dute parkean, 17:00etan, Green Grass festibalaren barruan. 00:00etan, aldiz, McOnak, Nikotina eta La furia taldeen kontzertua egongo da txosnagunean. "Euskal Herri mailako taldeak gurean izatea ohorea eta gozamena da", dio Etxenausiak.
Plazako emanaldiak
Udalak antolatutako egitarauan bestelako musika eskaintza ere badago: gaur, erromeria izango dute plazan, 23:00etan. Bihar, zapatua, Mexikoko doinuak ekarriko dituzte Mexiko lindo, si señor! emanaldiarekin: 19:30ean kaleetan eta 22:30ean plazan. Astelehenean, Orkestra elektrotxarangak kaleak giroko ditu, 20:00etan; eta, ondoren, baita afal ostea ere.