2022ko San Martin jaietako kartel lehiaketa irabazi du Ainara Inuntziaga Ugartek; etxeetan banatu den egitaraua aurkezteko balio izan du kartelak. Inuntziaga, baina, ez da bakarrik ibili kartela egiteko lanean. "Irati Garaitonandiarekin elkarlanean sortutako kartela izan da", azaldu du Inuntziagak. Denboraz justu ibili arren, Garaitonandia gazteak egindako margolan bat aukeratu, eta horrekin aurrera egitea erabaki zuten Inuntziagak eta Garaitonandiak. Herriko jaietako kartel lehiaketara aurkezteak ilusio berezia egiten du, eta hala izan da irabazleentzat ere.
Jai giro kutsua
Kartulinaren gainean akrilikoarekin margotutako lana aurkeztu dute. Bi kolore nagusitzen dira margolanean: urdina eta gorria. "Behin margolana eginda, letrak jartzea izan da nire ardura", dio Inuntziagak. San Martin jaiak 2022, uztailak 1, 2, 3 eta 4 zen kartel guztiek ezinbestean eraman behar zuten esaldia izan da. "Jai giroa eta kolorea emateko koloretako borobilak gehitu dizkiogu kartelari", nabarmendu du Inuntziagak. Kolorez betetako kartel alai eta dibertigarria izan da jaiak iragartzeko Inuntziagak eta Garaitonandiak sortu dutena.
Pintura klaseak
Inuntziagarendako sorpresa izan da kartel lehiaketa irabazi izana. Garaitonandiari pintura eskolak hartzera laguntzen dio, azkeneko zazpi bat urteetan: "Laguntzera joan arren, nik ere ikasten dut. Idoia Elexpuruk ematen dizkio eskolak, kultura etxean. Musika jarrita margotzen du, oso gustura". Gustura egiten duten lana da, eta, emaitzak ikusita, jendeak ere gustura ikusten ditu elkarlanean sortutako artelanak. Aurrerantzean bestelako lehiaketa batzuetara aurkezteko asmoa dutela dio Inuntziagak. Ea, bada, sari gehiago jasotzen duen bikoteak.