Liher Larrea: "Araban zortzi ikastola daude, eta Argantzon 2003an sortu zen Arabako kuadrilla ez-ofizialean"

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko eka. 17a, 18:22
Liher Larrea Ibabe aramaioarra. (Argazkia: Arabako Ikastolen Elkartea)

Domekan egingo dute Araba Euskaraz jaia Gasteizko Olarizu parkean. Zortzigarren alaba lelopean antolatu dute lurraldeko ikastola guztiek elkarrekin eta auzolanean. Arabako Ikastolen Elkarteko presidentea da Liher Larrea Ibabe (Aramaio, 1973).

Nola doaz prestaketa lanak?

Oinarrizkoa eginda eta aurreratu daitezkeenak aurreratzen ari gara. Gainerakoan, egunera begira gaude. Zabalik ditugu ateak etorri nahi duten guztiendako.

Trebiñun sortutako Argantzon ikastolaren aldeko jaia izango da 2022ko Araba Euskaraz.

Araban zortzi ikastola daude, eta Argantzon 2003an sortu zen Arabako kuadrilla ez-ofizialean. Ikastolak ez du Gaztela eta Leongo Hezkuntza Saileko laguntzarik jaso inoiz, eta, urteetako arazo ekonomikoen ostean, ezinbestean, 2019an joan ziren Sagastietara, bertako Udalak lagatako etxe batera. Arabako ikastolarik txikiena da, baina dagoen lekuan egoteko esango nuke nahiko tamaina handikoa dela. Oraintxe matrikulatu da ikasle berri bat; beraz, 68 dira.

Bestalde, hasiera batean, ikastolak Haur Hezkuntza bakarrik eskaintzen zuen, baina 2016an hasi zen Lehen Hezkuntzako lehen gela eta ikasturte honetan irtengo da ziklo osoa hasieratik bertan egin duen lehen promozioa.

Beste eraikin bat altxatzea da asmoa, ezta?
Bai. Udalak utzitako lursail batean egitea da asmoa. Hurrengo ikasturtean egingo litzateke, 2023-2024ko ikasturterako prest egoteko.

Ze euskal giro dago?

Ingurua ez da batere euskalduna. Euskaraz dakiena, normalean, kanpotik heldutakoa da. Arabara atxikitzeko gogoa eta bestelako lanketa batzuk egiteko ikastolaren tamainak ematen duen aukera nabarmenduko nituzke. Irakasleak, bestetik, nahiko gazteak dira, eta sartu direnetik ari dira borrokan ikastola aurrera ateratzeko.

Zein da egoera Arabako gainerako ikastoletan?

Hiru ikastola handi daude: Laudion, Amurrion eta Armentian. Arabako Errioxan Lapuebla izango da handiena, baina hor beti borrokan gaude. Lautadan, berriz, 1993an publiko egin ostean, hor ibili da kili-kolo aurrera egin nahian.

Esango nuke erronka, orain, Hezkuntza Lege berriarekin datorkigula. Elkarrekin egin beharko dugu aurrera, dagoen aniztasuna errespetatuz eta ikastola bakoitzak bere inguruan duen hezkuntza komunitatearekin eta erakundeekin lan eginez. Jaiotza-tasak izan duen eta aurreikusten zaion jaitsierarekin ez da erraza izango denek aurrera egitea.

Araba Euskaraz festak ezaugarri berriak ditu aurten.

Olarizura itzuliko gara eta zortzi ikastolak elkarrekin antolatutako festa da. Hiru gune egongo dira eta ahalegindu gara egitarauan denetik sartzen, baina helburu nagusia da, batez ere, familiak erakartzea, gazte asko mugitzen zuen jai eredu hori pixka bat aldatzeko. Gero baloratuko dugu etorkizuneko eredua Herri Urratsen estilokoa den. Hau da, urtero leku berean eta ikastola guztiek elkarlanean egindakoa. Hain ikastola gutxi eta batzuk hain txikiak izanda, hori izan daiteke apustua.

Kantuaren hitzak Manex Agirre herrikideak egindakoak dira.

Ezagutzen du Argantzon, eta baita ere Araban euskarak duen panorama. Bi gai horietatik tiraka osatu du kantuaren letra.

Omenduak ere izango dira aurten.

Auzolana eta elkarlana nabarmentzeko ikastola bakoitzak pertsona bat aukeratuko du. Aurreko urteetan Araba Euskaraz jaiko koordinatzaile Angel Olalde eta Alea aldizkaria ere omenduko dira domeka goizean egingo den ekitaldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak