Elkarlanean eta auzolanean egindako kanta dela adierazi dute antolatzaileek: "Elkarlana eta auzolana baitira gure jaia antolatzeko ardatz". Izan ere, Arabako zortzi ikastolak elkarrekin dabiltza egun hori eta horren bueltakoak gertatzen. Abesti alaia eta doinu dantzagarriak dituena sortu dute, eta izenburuak lotura zuzena du aurtengo leloarekin: Zortzigarren alaba. Trebiñu da Arabako zortzigarren kuadrilla eta Argantzun Ikastola, Arabako zortzigarren ikastola.
2003an sortutako ikastola
Euskararen erabilera sustatzea eta erabilera eremuak zabaltzea da beste behin Araba Euskarazen helburua antolatzaileek adierazi dutenez; baita Trebiñu "Araba dela eta euskararen herria" dela aldarrikatzea ere. Era berean, Argantzun Ikastola ezagutzera emango dute, eta ikastolaren eraikin berria egiteko dirua lortu; 2023-2024 ikasturtean zabaldu gura dute hori.
Argantzun Ikastola 2003an sortu zuten haurrek euskaraz ikas zezaten gura zuten gurasoen eskaerari erantzunez; ordura arte haur gehienak Gasteizera joaten ziren. Gaur egun 67 ikasle ditu ikastolak. Araba Euskaraz laugarrenez ospatuko dute Argantzunen; euskara ardatz duen jai hori 2001ean, 2007an eta 2018an ere han egin zen.