Dena prest zapatuko finalerako

Jon Irizar Aranguren 2022ko eka. 8a, 10:24

Ezkerretik eskuinera, sei finalistak atzoko aurkezpen agerraldian: Agirre, Amilburu, Abarrategi, Perea, Igoa eta Viñaspre (Argazkia: Alea)

Zapatuan jokatuko da Gasteizen Arabako Bertsolari Txapelketaren XV. edizioaren finala. Txapelketa hasi zuten 30 bertsolarietatik sei igoko dira Europa Biltzar Jauregiko oholtzara; tartean, lau aramaioar: Manex Agirre, Peru Abarrategi, Xabi Igoa eta Paula Amilburu. Salgai daude sarrerak.

Bertsolaritzan probabilitateak pisurik balu, adierazgarria litzateke balioa: hamarretik ia zazpitan, Aramaion beharko luke zapatu iluntzean Arabako Bertsolari Txapelketako txapelak. Puntuak oinarri izango dituzten arren, baina, ez da zuzena matematikaren eta sorkuntzaren arteko erlazioa. Eta are gutxiago esperientzia eta gaztetasuna uztartzen direnean.

Atzo aurkeztu zuten Gasteizeko Europa Biltzar Jauregian Arabako Bertsolari Txapelketaren XV. edizioaren finala; jauregi bereko Maria de Maeztu auditorioko oholtzara igoko dira sei bertsolariak, Serapio Lopez Ortuetak –1982an, Aiaraldeko bertso eskolako sortzaileetako bat– txapela janzteko desiran. 600 lagunentzako edukiera du aretoak, eta salgai daude sarrerak –18€ balio dute sarrera arruntek; 15€ ordaindu behar dute Bertsozale Elkarteko bazkideek; eta 10€ 6 eta 16 urteko gazteek–.

Seitik lau

Sei izango dira Aintzane Irazusta Arzallus eta Arantxa Sobrino Lasa gai-jartzaileek jarritako lanak osatzen arituko diren bertsolariak. Hamahiru bertso puntuagarri abestuko dituzte, eta buruz burukora igarotzen direnek beste seina bertso egin beharko dituzte, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa nagusirako txartel zuzena eskuratzeaz gain. Hona, finalaurrekoetan lortutako puntuen hurrenkeran, sei finalistak:

  • Manex Agirre Arriolabengoa (Aramaio, 1982): birritan Arabako bertsolari txapeldun –2011 eta 2015– eta lautan txapeldunorde –2002, 2008, 2013 eta 2019–, binakako txapelketa, koadrila arteko bi zein eskolartekoa ere irabaziak ditu.
  • Peru Abarrategi Sarrionaindia (Aramaio, 1997): bigarren finala –bosgarren izan zen 2019an–, lautan izan da Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txapeldun.
  • Xabi Igoa Eriz (Aramaio, 1992): laugarren finala –hirugarren izan zen 2019an–, eskolarteko bat eta koadrila arteko bi ditu irabaziak.
  • Iñaki Viñaspre Simon (Abetxuko, 1984): egungo txapelduna –2019– eta beste behin azpitxapeldun –2015–, 2004tik ez du final bakar batera huts egin. 
  • Paula Amilburu Izargarai (Aramaio, 1994): finaleko aurpegi berri bakarra, eskolarteko txapeldun izan zen 2012an.
  • Oihane Perea Perez de Mendiola (Gasteiz, 1977): lautan txapeldun –2007, 2009, 2013 eta 2017– eta beste hainbestetan azpitxapeldun –2002, 2004, 2005 eta 2006–, eskolarteko eta koadrila arteko bana ere irabaziak ditu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak