Aukera guztiak zabalik Gasteizko finalerako

Hasier Larrea 2022ko mai. 27a, 11:41

Aramaioko Kultur Etxean maiatzaren 14an jokatutako final aurrekoa.

Arabako bertsolari txapelketako final erdiak jokatuko dituzte asteburuan hamabi bertsolarik, aramaioarren presentzia nabarmenarekin: Amilburu, Igoa, Agirre eta Abarrategi iIarran arituko dira domekan; Arriolabengoa, berriz, Araian, zapatuan.

Aurtengo sariketa "serio" hartu dute Aramaioko bertso eskolan. Parte hartu duten zazpi herritarretatik bostek lortu dute azken kanporaketarako sailkatzea, eta pauso bakarrera dute ekainaren 11n Gasteizko Europako Biltzar jauregian jokatuko den finalerako txartela eskuratzea. Asteburu honetan erabakiko dute epaimahaikideek lehian geratzen diren hamabi bertsolarietatik zeintzuk izango diren finala jokatzea gehien merezi duten sei partaideak.

Orain arteko kanporaketak nola joan diren ikusita, inor ez da ausartzen faborito argirik izendatzera. "Albiste ona" ei da hori, bai bertsolarientzat, eta baita sariketarentzat ere. Iñaki Viñaspre izan zen 2019ko buruz burukoan txapela jantzi zuena, baina iazko binakako formatu berezian Manex Agirrek eta Martin Abarrategik lortu zuten balentria. Agirre bitan izan da buruz buruko irabazle, gainera: 2015ean eta 2011n. Hura ez da Arabako txapela janztea zer den dakien finalerdietako partaide bakarra: hortxe dago Viñaspre bera; eta baita Asier Otamendi eta Oihane Perea ere. Otamendik lau aldiz irabazi baitu Arabakoa, eta Pereak hirutan.

Xabi Igoa eta Andere Arriolabengoa, gainera, sari preziatua azken hatsera arte lehiatzen aritutakoak dira, Gasteizko finaletarako sailkatzea lortu baitzuten, lehenak 2019an eta bigarrenak 2008an. 

Txakur zaharrek, beraz, esperientziaren jakinduria izango dute euren alde. Gazteek freskotasun eta anbizioz egingo diete aurre, ordea. Talde horretan sar daitezke Peru Abarrategi eta Paula Amilburu, esaterako. Aramaiotik kanpo ere bada finalerdietan sartzea lortu duen aurpegi berririk. Maddi Agirre gasteiztarraren kasua da: "Bagenekien ederto egiten zuela bertsotan, eta ez da sorpresa hura hamabi onenen artean ikustea; baina hain gaztea izanda, oso pozgarria da haren presentzia", aipatu du Igoak.

"Maila altuko sariketa"

Bost bertsolari aramaioarrak gustura daude, orokorrean, kanporaketetan bizi izan dutenarekin. Aurtengo maila kolektiboa "igo" egin dela diote, eta, ondorioz, horrek "zaildu" egiten duela faborito argiren bat izendatzea. Gustatuko litzaieke bost herrikideak sailkatzea finalera, probabilitateari dagokionez "ia ezinezkoa" izan arren. Abarrategik, Agirrek, Amilburuk eta Igoak batera abestuko dute Izarran, domekan, 17:30ean hasita. "Elkarri babesa" emango diotela aurreratu dute, ahalik eta puntu gehien lortzeko. Arriolabengoa, berriz, zapatuan arituko da Araian, 17:30ean baita ere. Aramaioren izena goian mantenduko dutela, beste ezer ezin zurtatu.

PERU ABARRATEGI:

"Azken saioa behetik gorakoa egin nuen, baina urduri aritu nintzenez, ez nuen gozatu momentuan. Ea etzi nire tokia egin eta gai naizen gozatzeko".

 

MANEX AGIRRE:

"Konfiantzarekin eta lasai nago, azken saioa nahiko borobila egin bainuen. Aramaioarrok saiatuko gara domekan talde-izaerari eusten eta maila ematen".

 

ANDERE ARRIOLABENGOA:

"Zapatuan saiatuko naiz azken kanporaketan bezala gozatzen, baina presioa handiagoa izango da. Ea finalera iritsi naitekeen, 2008an bezala; hori da erronka".

 

PAULA AMILBURU:

"Aurtengo txapelketa oso indartsua eta estua izaten ari da, eta denok arriskatu beharko dugu. Pozik nago partaideok ematen ari garen mailarekin".

 

XABI IGOA:

"Argi dago Arabako bertsolaritzak pauso bat eman duela aurrera. Bertso dezente bota beharko ditugunez, erregularrenek lortuko dute finalerako txartela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak