Herriko bitxikeriak itzuli dira udal webgunera

Hasier Larrea 2022ko api. 8a, 09:38

'Aramaio ezagutu' atala udal webgunean.

'Aramaio ezagutu' atala berreskuratu eta eguneratu egin du 'aramaio.eus' atariak, bi urte inguruko lanketaren ostean. Herritarren laguntza jaso dute udal langileek informazio berria biltzeko orduan. ondarean eta emakumeen historian sakondu dute

Aramaioko udal webguneak duela bi urte jasotako zibererasoaren aurreko egitura dauka orain, Aramaioko Udala eta Aramaion bizi atalak berreskuratu ostean, Aramaio ezagutu atala ere txertatu baitu. Lierni Altuna alkatea eta Rosa Mondragon Euskara teknikaria aritu dira buru-belarri lanean, Arteman komunikazio agentziako informatikarien eta hainbat herritarren jakintza lagun. Saiatu dira proiektua Udalak aurreko urteetan egindako lanaren ispilu izaten, eta, alde horretatik, askotariko gaiekin egingo du topo erabiltzaileak. Emaitzaren balorazioa, ekimenean parte hartu dutenen hitzetan, positiboa izan dela adierazi du Mondragonek: "Komentatu digute polita dela, informazioa eta argazkiak ondo eta garbi ikusten direla, eta diseinuarekin gustura daudela".

Berrikuntzak ere bai

Egitasmoan ez dira lehendik argitaratuta zegoen edukia biltzera mugatu, datu eta pasarte berriak gehitzeko saiakera ere egin dute eta. "Horretarako, aramaioar ugari elkarrizketatu ditugu, bereziki, historia egin duten emakumeei eta ondare materialari zein ez-materialari buruzko gaiak lantzeko orduan. Hala, hamalau emakume garrantzitsuk eta toki, eraikin, ibilbide, ohitura, ahozkotasun, kondaira eta euskararen gaineko bitxikeria eta kontuek tokia dute orain", adierazi du Mondragonek.

Aspaldiko kantuak entzungai

Ondare ukiezina ataleko Ohiturak sakatzean, "zerbait desberdina" dago argitaratuta: ahoz aho transmititu diren kantu eta abestiak, zehazki. Alaiak abesbatzako kideek kantatuta, eta Larraitz Arriolabengoa irakasleak zuzenduta, iraganeko hiruna lo-kanta eta baserriko lanekin lotutako abesti labur entzun daitezke audio formatuan.

HEMENDIK AURRERA, ARAMAIOARREN JAKINTZAREKIN JOANGO DIRA ATALA PIXKANAKA OSATZEN

Ateak zabalik daude

Aramaio ezagutu-n dauden gainontzeko azpiatalak ere moldatu egin dituzte, eta moldatzeko bidean jarraitzen dute: "Izan ere, atala ez da definitiboa, eta herritarren ekarpen gehiagorekin osatu nahiko genuke". Egitasmoaren helburua baita aramaioarrei zein kanpotarrei herriaren aberastasunaren berri ematea. Orain, klik bakarrean dute guztia eskura.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak