Aurrerantzean, beraz, argitalpen horiek guztiek txoko berezia izango dute. "Herritar baten, hain zuzen, Sabin Salaberriren proposamena jaso genuen. Aramaioko argitalpenen txokoa egitea proposatu zigun", azaldu du Kultura zinegotzi Ana Martiarenak.
Hilabeteetako lana
Proposamena jasota, Olga Jauregi liburuzainarekin hitz egitea izan zen hurrengo pausoa: "Olgarekin hitz egin genuen, eta baiezkoa jaso ondoren lan horretan ibili da liburuzaina". Uztail amaieran onartu zen Aramaioko argitalpenen txokoa egitea, eta, gainera, diru partida bat bideratu zen lan horretarako: 2.178 eurokoa.
Txoko horren helburua da Aramaiori buruz zenbat gauza idatzi diren ezagutzera ematea: "Askotan, ez dugu jakiten gure herriari buruz zer idatzi den, eta uste duguna baino gehiago izaten da".
Denetariko lanak
Liburuak, artikuluak, biografiak... Denetariko idatziak daude Aramaioko txokoan. Bizente Goikoetxearen, Gabirel Jauregiren, Martin de Alzagaren, Pedro Ignazio Barrutiaren eta abarren biografiak daude. Horiez gainera, hizkuntzari buruzko artikuluak; adibidez, Aramaioko euskara, Txipi Ormaetxea Lasagaren doktore tesia. Literatura; zuzenbidea; folklorea; arkeologia; hidrologia; mendi ibilbideak... Gai horiei buruzko artikuluak ere badaude.
Liburuak ere asko dira: Txipi Ormaetxearen beraren Aramaioko euskara, Aramaioko Lore jokoak, Jose Mari Velez de Mendizabalen Eguzkilore, Manex Agirrek eta Alex Mendikutek 2018an argitaratutako Begiz jotako koplak, Julen Arriolabengoaren Ez jat garbatu...
Digitalizatuta
Fisikoki liburutegian daude liburu eta artikulu horiek guztiak; baina digitalizatuta dauden lanak web atarian ere badaude. Hain zuzen, Aramaioko Udalaren atarian Aramaio ezagutu atal berria aktibatu dute, eta hor daude argitalpenak.