Korrikarako berotzen hasteko, kultur egitarau oparoa prestatu dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko mar. 18a, 11:20

Gaur bertso saioa egingo dute 19:00etan, Sastiñan; eta, Korrikako arropak salgai egongo dira 17:00etatik 19:30era bitartean.

Egitarau "polita" antolatu dute Korrika Kulturalaren barruan. Bertsoak protagonismo berezia izango du; izan ere, martxoaren 27an, Gorbeialdeko bertso-pilota topaketa egingo dute Aramaioko frontoian, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Alde batetik, Gorbeialdeko pilotari gazteak pilota astintzen ibiliko dira; eta, bestetik, Aramaioko bertso eskolakoek doinua eta soinua jarriko diete pilota partiduei.

"6 eta 16 urte bitarteko pilotariak izango dira: Aramaiokoak, Legutiokoak, Murgiakoak eta Urkabustaizkoak. Adinaren arabera egokituko dugu partiduko tanto sistema", azaldu du Pilota Federazioko koordinatzaile Aitor Luzuriagak.

Gainera, Luzuriagak gogoratu du Pilotalekuan euskaraz kanpaina martxan duela Federazioak.

Aramaioko bertsolariak

Aramaioko bertsolariek euren prestaketa saioekin jarraituko dute. Gaur, barikua, bertso saioa egingo dute: Ane Zuazubiskar, Peru Abarrategi, Aitor Ugarte eta Zigor Enbeita ibiliko dira bertsotan, 19:00etan, Sastiñan. Datorren barikuan, martxoaren 25ean, Paula Amilburu, Xabi Igoa, Asier Galarza Muxi eta Aitor Esteban bertsolarien txanda izango da.

Martxoaren 26an, zapatua, nerabeendako euskarazko mahai jolasak jarriko dituzte, 17:00etan, Sastiñan.

Debagoieneko mendi irteera

Korrika Kulturalaren barruan, martxoaren 26an, Debagoieneko mendi irteera egingo dute Murugainera. Gainera, mendi tontorrean herri argazkia egingo dute, 11:30ean. Igotzeko bi irteera jarri dituzte: 08:45ean frontoian batuta igoko dira batzuk eta 10:15ean Untzillatik beste batzuk.

Apirilaren 1ean

Korrika apirilaren 1ean izango da. Aramaiotik ez da pasako; hala, Aramaioko eragileek Gatzagan hartu dituzte bi kilometro, 14:20ean: 260 eta 261 kilometroak, hain zuzen.

Horrez gain, Korrika txikia egingo dute eskolako umeek 14:30ean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak