Martxoaren 8aren bueltan hainbat ekintza antolatu dituzte Aramaioko Udalak, Itur-zuri emakume elkarteak, Laia eskolak eta Ikusiz Gozatu taldeak.
'Aramaioko emakumeen historia berreskuratzen'
Aramaioko emakumeek historian egin duten ekarpena balioan jartzeko erakusketa ibiltaria egingo dute. Emakumeen irudiak jarriko dira herriko hainbat tokitan, azalpenekin. Hain zuzen, martitzenean, 12:30ean, erakusketa estreinatuko dute bisita gidatu bat eginda.
12 irudi jarriko dituzte, behin betiko geratuko direnak herriko toki estrategikoetan.
Zoru pelbikoa
Zoru pelbikoari buruzko ikastaroa egingo dute, ikuspegi feministatik. Gimnasioan izango da ikastaroa, martxoaren 5ean eta 19an eta apirilaren 2an eta 9an, 10:00etatik 12:00etara. Izena emateko, idatzi berdintasuna@gorbeialdea.eus helbidera.
Maskulinitateak lantzeko tailerra ere egingo dute, martxoaren 12an eta 19an, osoko bilkuren aretoan. Izen-ematea, helbide elektroniko berean.
Manifestazioa eta zinema
Martxoaren 8an, martitzena, manifestazioa egingo dute, kultura etxetik irtenda, 18:30ean. Horrez gain, hiru zinema emanaldi egingo dituzte: martxoaren 9an, zine-kafea Señor filmarekin, 18:30ean; martxoaren 13an, Chavalas, 18:30ean, mugimendu feministak dinamizatuta; eta martxoaren 27an, Adam, 19:00etan. Kultura etxean izango dira zinema emanaldiak.