Lagunarteko hiru bertso saio, lehiara fin heltzeko

Hasier Larrea 2022ko ots. 27a, 12:00

Iazko binakako txapelketako saio batean, Manex Agirre bertsoa botatzen.

Aramaioko bertso eskolak Arabako Bertsolari Txapelketa prestatzeko ekitaldiak antolatu ditu martxoko hiru ostiral arratsaldetarako, 19:00etan hasita, Sastiña ermitan. Lehena datorren ostiralean egingo dute, hiru aramaioarren parte hartzearekin.

Eztarriak garbitu eta motorrak berotzeko balio izango die Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartuko duten zazpi aramaioarrei martxoaren 4an, 18an eta 25ean egingo dituzten jendaurrekoak. Txapelketa bakarkako ohiko formatura itzuliko da aurten, iazko binakakoa atzean utzita. Orduko hartan, Martin Abarrategik eta Manex Agirrek osatutako bikoteak jantzi zuen txapela, baina Agirrek berak aitortu du Iñaki Viñaspreri dagokiola titulu hori defendatzea, 2019ko banakakoan garaile irten zelako.

Martin Abarrategik ez du apirilaren 1ean hastekoa den norgehiagokan parte hartzerik izango, kanpoan ikasten dabilelako. Nolanahi ere, aramaioarren presentzia handia izango du lehiak: Agirrez gain, Andere Arriolabengoak, Danel Herrartek, Peru Abarrategik, Aitor Ugartek, Paula Amilburuk eta Xabi Igoak parte hartuko dute.

KORRIKA KULTURALAREN EGITARAUAN SARTU DITUZTE SASTIÑAKO BERTSO SAIOAK

Bertso eskolako lagunak

Hain justu, horiek azalduko dira herrikideen aurrean Sastiñako ermitako jardunaldietan, inguruko herrietako beste bost bertsolarirekin batera. Guztiek bat egiten dute astero Aramaioko bertso eskolan. "Pozik gaude hamabi lagunok igoko garelako oholtzara martxoan zehar; kuadrilla majoa osatzen dugu", adierazi du Agirrek.

Hala, saio bakoitzean launa bertsolarik abestuko dute. Datorren ostiralean, Andere Arriolabengoa, Danel Herrarte, Manex Agirre eta Peru De Pedro izango dira protagonistak; martxoaren 18ko saioan, Ane Zuazubiskar, Peru Abarrategi, Aitor Ugarte eta Zigor Enbeita igoko dira oholtzara; eta martxoaren 25ean, berriz, Paula Amilburu, Xabi Igoa, Asier Galarza Muxi eta Aitor Esteban. Gaiak jartzen ere bertso eskolakoak arituko dira, eta, elkar ondo ezagutzen dutenez, zirikatzeko eta umorea erabiltzeko aukerari ateak irekiko dizkiotela pentsa daiteke.

Aipatzekoa da Udalaren laguntzarekin eta Korrika Kulturalaren egitarauaren baitan programatu dituztela Sastiñako bertso saioak.

Azkenaldian, "gutxi"

Pandemiaren testuinguruagatik "ohi baino saio gutxiago" egin dituzte azken urtean zehar; 2022ko txapelketa bera ere urtarrilean zen egitekoa, baina hiru hilabete atzeratu behar izan dute. Txapelketaren atarikoan sartuta, "azken hilabeteetako giro geldoa pizten" ari dela dio Agirrek. Ea, bada, martxoko saioetatik bizi-bizi irten eta maila txukuna ematen duten aramaioarrek, beste behin ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak