Ania Ibisate: "Gero eta zoru pelbiko indartsuagoa izan, osasun hobea izan dezakegu"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko ots. 11a, 10:05

Ania Ibisate fisioterapeuta gasteiztarra.

Arabako Aldundiaren +55 elkartegiak programaren barruan Gure zoru pelbikoa lantzen ikasten tailerra egingo dute otsailaren 15ean eta 22an. Aurrez izena eman behar da, otsailaren 14a baino lehen.

55 urtetik gorakoei zuzendutako bi saio eskainiko ditu Ibisatek.

Zer eskainiko duzu ikastaroan?

Alde batetik, ezagutuko dugu nolakoa den zoru pelbikoa eta anatomia, eta gizonezkoen eta emakumezkoen artean dagoen ezberdintasuna bereiziko dugu. Behin, anatomia eta fisiologia ezagututa, ikusiko dugu ze gauza ez diren onak gure zoru pelbikoarendako: prebentzioa. Horrez gain, inkontinentzia arazoak, minak, kaka edo haize inkontinentziak ditugunean zer egin dezakegun horiek hobetzeko. Bigarren saioa praktikoagoa izango da. Daukagun arazoaren aurrean ze ariketa zehatz egin ikusiko dugu; izan ere, zoru pelbikoan, inkontinentziaz gain, badaude beste arazo batzuk.

Ze garrantzi du zoru pelbiko osasuntsu bat izateak?

Gure posturarentzako oso garrantzitsua da. Zoru pelbikoa gure gorputzaren oinarria da, horregatik indartuta baldin ba-daukagu gure bizkarraren eta gorputzaren postura hobea izango da. Bestalde, gernu galerarik ez izatea, baita ere puzkerrak eta kaken kontinentzia izatea... mina ekiditea... Izan ere, askotan, pelbiseko, edo adinarekin aldakan izaten diren minak zoru pelbikoarekin daude erlazionatuta. Gero eta indartsuago izan zoru pelbikoa osasun hobea izan dezakegu. Ez bakarrik inkontinentzietan; badago beste arazo bat izaten direnak urgentzia inkontinentziak, oso azkar joan behar duzunean komunera.

Nahiko ezezaguna da zoru pelbikoa. Zergatik?

Egia da zoru pelbiko osasuntsu batek baita ere sexualitatearen inguruan arazorik ez izatea eragingo dizula

Gertatzen dena da oso erlazionatuta daukagula sexualitatearekin, eta sexualitate gaiak oso tabu dira gure gizartean. Asko hitz egiten da, baina egi gutxirekin eta horrek dakar jende askok horretaz ez hitz egitea eta ezkutuan izatea. Egia da zoru pelbiko osasuntsu batek baita ere sexualitatearen inguruan arazorik ez izatea eragingo dizula. Lotsa ere egotean da. Txiza galtzea ez da samur kontatzen duzun zerbait; ukondoan min duzula esaten duzun moduan. Egia da medikuek ere ez dutela galdetzen: adin bat duzunean, logikoa izango litzateke medikuak galdetzea ea arazorik duzun.

Sexu harremanetan zelako arazoak sor ditzake zoru pelbikoa kaltetua izateak?

Gizonetan izan daiteke erekzio eta eiakulatze arazoak; edo orgasmoaren indarra galtzea edo ez izatea. Emakumearen kasuan baita ere; sentsibilitatea galtzen da zoru pelbikoa ez bada osasuntsua eta egia da ez duzula horrenbeste gozatzen eta orgasmora iristeko ere arazo gehiago izan dezakezula. Baina batez ere gozamena; izan ere, orgasmoak ez du zertan izan helburu. Ez duzu gorputzeko gune horren kontrola eta gutxiago sentitzen duzu zonalde hori.

Nori zuzendutako ikastaroa da?

Gero eta gehiago bizi gara; hortaz, gizon gehiagok pairatzen dute arazoa eta tratamendua eskatzen dute

Zoru pelbikoaz hitz egiten dugunean amatasunarekin erlazionatzen dugu: haurdunaldia, erditzea... Baina gizonezkoetan ere zoru pelbikoa badago eta gaur egun asko ari da hitz egiten prostatektoniaz. Interbentzioren bat jasan ondoren has daitezke zoru pelbikoaren arazo larrienak; baina, horrek ez du esan nahi aurretik gizon gazteek ezin dutenik arazorik izan. Sexualitateaz, gernu jarioaz, prostataz... gizonei, agian, lotsa gehiago ematen die horretaz hitz egitea. Gero eta gehiago bizi gara; hortaz, gizon gehiagok pairatzen dute arazoa eta tratamendua eskatzen dute.

Egunerokoan, zer egin dezakegu?

Alde batetik zaindu, minik ez egiteko: txiza eta kaka ze posturetan egin jakitea garrantzitsua da, adibidez; baita, ariketa fisikoa nola egin ere. Bestetik, ikasiko dugu sentitzen non dagoen gure zoru pelbikoa; nola landu dezakegun, egunerokotasunean ze ariketa txiki egin dezakegun... egunero samur egin dezakegun ariketak indartzeko eta sentitzeko. Ez baduzu zonalde bat sentitzen ezin duzu erabili.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak