Lagun Artean dantza taldea herriko eragile aktiboa da. Aramaion egiten diren festa, ospakizun eta bestelako ekitaldietan parte hartzen du taldeak. Dantza herrikoiak eta bertakoak egiten dituzte, baina azken urteetan baita koreografia original eta ikusgarriak ere.
66 urteko historia
Urte luzeko historia du Lagun Artean dantza taldeak –aurten, 66 urte beteko ditu–. Urte horietan guztietan jendeak lan handia egin du taldea aurrera ateratzeko: izan irakasle. arduradun, guraso... Azken bost urteetan Oihane Vicente dabil irakasle lanetan. Zumarragako Irrintzi dantza taldean hazitakoa, bestelako dantzak ere ikasi ditu: dantza garaikidea, salsa... eta baita euskal dantzetako masterra egin ere. Hala, horrek guztiak ematen dion perspektibarekin sortzen ditu orain Lagun Artean dantza taldeko koreografiak.
Ikasturte amaierako jaialdia
Urtean zehar egiten dituzten jaialdien artean bat berezia izaten da: ikasturte amaierakoa. "Ikasturte amaieran, festei begira, koreografia bereziak prestatzen ditugu. Gustatzen zaigun musika aukeratzen dugu, eta musika horri ze pauso sartu erabakitzen dugu, zer adierazi nahi dugun... Umeekin, aldiz, gorputz adierazpena, jolasa sartzen dut", azaldu du Vicente irakasleak. Herritarrek gustura ikusten dituzten dantza emanaldiak izaten dira: "Gure orduak pasatzen ditugu koreografiak sortzen, baina esan behar da oso ondo pasatzen dugula". Koreografia bereziez gain, Aramaioko agurra ere dantzatzen dute: "Aurresku berezia dute Aramaion. Gipuzkoan, esaterako, orokortu egin da agurra; antzerako pausoak egiten ditugu denok, baina Aramaion pausoak diferenteak dira". Orain dela bi hamarkada, beherakada handia izan zuen dantza taldeak.
Urteko ekitaldiak
Urri amaieran Erretiratuen Egunean parte hartzen dute; ondoren, Gaba Baltzean, Euskararen Egunean, Inauterietan... Hain zuzen, Gaba Baltzerako Julen Alonso trikitilariaren Sutan dantzan abestiari koreografia jarri zioten orain dela urte batzuk, eta hori egiten dute urtero, sorginen ingurukoa izanda egokia delako. Dantzan jarraitzeko gogoz daude aramaioarrak.
Oihane Vicente irakaslea
Lagun Artean dantza taldeko irakaslea da zumarragarra.
Zenbat talde daude gaur egun dantza taldean?
Astean bi egunetan etortzen naiz gaztetxoei eta ez hain gaztetxoei dantza erakustera. Sei talde ditugu: 3-4 urterekin hasten dira, eta 70 urtera bitartekoak ditugu.
Zein da taldearen erronka nagusia?
Erronka nagusia mutilak erakartzea da. Txikitan hasten dira, baina badago adin tarte bat taldea uzten hasten direna. Orain, esaterako, nerabeen taldea indartzen ari da; eta helduak pila bat daude, baina horiek ere ongietorriak dira.
Zaletasun handia dago Aramaion?
Kulturalki mugimendu handia dago: Musika Etxea, trikitia eta panderoa, gitarra... Mugimendu handia dago eta saiatzen gara elkarrekin gauzak egiten.