Ondasun arkeologikoak jabari publikoak direla gogorarazi du Aldundiak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko urt. 27a, 20:00

'Indiana Jones' aitzaki hartuta Arkeologia Museoan egindako erakusketa pedagogikoa.

Arabako Foru Aldundiak gida bat argitaratu du objektu arkeologikoren bat bilatuz gero nola jokatu behar den azalduz.

Herritarrak kontzientziatu nahi dituzte baimenik gabeko praktikarik ez egitearen garrantziaz. Izan ere, 2020an, urtean salaketa bat jartzetik urtean ia hamabi salaketa jartzera pasatu ziren. Aztarnategi arkeologikoetan baimenik gabeko pertsonek metal detektagailuak erabiltzearekin lotutakoak izan ziren salaketa gehienak. Ekintza horiek ondasuna suntsitzen laguntzen dutela diote Aldundiko arduradunek: horregatik, legea aplikatzeaz gain, pedagogia egin beharra nabarmendu dute.

Nola jokatu

Objektu arkeologikoren bat ezustean aurkituz gero, berehala jakinarazi behar da Arabako Arkeologia Museoan, ez da norberarentzat gorde behar; gainera, salmenta erabat debekatuta dago.

Nabarmendu dute ondare arkeologikoa ondo dagoela dagoen lekuan. Hainbat urtez biziraun duela eta ez dagoela arriskuan, kontrolatu gabeko lur mugimendurik ez badago, behintzat.

Metal detektagailurik ez erosi

Metal detektagailuei dagokienez, Aldunditik bidalitako gomendioa zuzena da: ez erosi. "Metal detektagailuak baimenik gabe erabiltzea ondarea hondatzeko eta espoliatzeko" modu bat dela nabarmendu du Aldundiak oharrean. Izan ere, Araban milaka aztarnategi baino gehiago daude dokumentatuta; hortaz, metal detektagailua erabiltzea delitua den lekuren batean aritzea samurra izan daiteke.

Metal detektagailua gune arkeologikoetatik kanpo erabiltzen bada, eta ezustean ondasun arkeologikoren bat topatzen bada, topatutakoa dagoen lekuan utzi behar da eta Arabako Arkeologia Museora abisatu behar da. Izan ere, nabarmendu dute ondasun arkeologikoak jabari publikoak direla, eta ezin dela inolako konpentsaziorik eskuratu aurkikuntzagatik. Objektu arkeologikoak ez entregatzea oso arau larria dela dio Aldundiak, milioi bat eurora arteko isuna izan dezakeena.

Iragana ezagutzen

Diziplina arkeologikoa pieza politak eskuratzea baino zerbait gehiago dela nabarmendu nahi dute: "Iraganeko gizarteak nolakoak izan ziren ezagutzen laguntzen dute". Pieza bere horretan uztea garrantzitsua da inguruak eman dezakeen informazioa gordetzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak