Hartu dituzte berriro ere gazte lokaleko giltzak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko abe. 17a, 10:11

Gazte lokala barrutik. Argazkilaria: Jokin Rodero.

Abendu hasiera ezkero berriro ere zabalik dago gazte lokala.

Pandemia hasieran itxi zuten, eta, ordutik hona, dekretuz, itxita egon da. Jaurlaritzaren azken dekretuak gazte lokalak zabaltzeko aukera eman du. Hala, Udala gazteekin elkartu da, euren iritzia jaso eta lokalaren inguruko hausnarketa egiteko. "Lokala erabili izan duten gazteei iritzia eskatu zaie, eta baita erabiltzaile izango direnei ere", azaldu du Gazteria zinegotzi Oihana Amezkuak. Erabaki dute hilabete eta erdian behin egitea bilerak: hurrengoa urtarrilaren 10ean izango dute.

Egoteko espazioa

Gazte lokala kultura etxearen eraikinaren azpialdean dago. "Egoteko espazio bat da, musika entzuteko, telebista ikusteko, ordenagailua eta sofak", dio Amezkuak. Hezitzailerik ez duen lokala da; hau da, gazteek dute lokaleko giltza eta erabilera librea da –araudia errespetatuz–. Askatasun horren baitan, elkarbizitzaz hitz egiteko leku bat izan beharko litzatekeela uste du. Auzolanean txukundu dute lokala eta lokalaren erabilera araudia adostu dute Udalak eta gazteen ordezkaritza taldeak – kuadrilla bakoitzeko bi lagun–.

Gazteen arteko sinergiak

Gazteen arteko topalekua izatea da asmoa. "Orain arte, eragiteko aparteko borondaterik ez da egon. Orain, bidea egiteko dago. Asmoa da lokala osatzen dutenak talde bat izatea, herrian eragingo duen taldea. Egun puntualetan herriari zerbait eskainiko dion taldea izatea", azaldu du zinegotziak. 2001etik 2006ra bitarteko gazteek erabil dezakete lokala; hau da, 15 urtetik gorakoek. Dagoeneko 26 gaztek hartu dute lokaleko giltza udaletxeko bulegoan. Amezkuak dio gazteen artean sortu izan direla "desiragarriak ez diren sinergia" batzuk; belaunaldien arteko harreman botere desoreka, esaterako.

20 urteko ibilbidea

Badira 20 bat urte gazte lokala zabaldu zela herrian: "Errotu egin da herrian, eta baita funtzionatzeko modua ere". Amezkuak gaineratu du gazteak desiratzen egoten direla 15 urte betetzeko. "Hala ere, garai hori izaten da institutua hasten dutena: batzuek herriarekiko lotura galtzen dute eta horiendako ez da erakargarria izaten lokalaren eskaintza".

Herrian oso ondo baloratuta dagoen zerbitzua dela nabarmendu du Amezkuak. Gazteak elkartu eta kuadrilla zabalak sortzeko balio izan duela

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak