Eskolan, esaterako, Euskararen Eguna ospatuko dute: goizean zehar, Herria kantuz ekimena egingo dute eskolako umeek, Alaiak erretiratuen elkarteko abesbatzarekin eta Eguneko Zentroko nagusiekin. Aramaixoko koplak, Guk euskaraz zuk zergatik ez, Haurrek ikas zazue eta Iarandu iya abestiak abestuko dituzte. 11:00etan izango da ekitaldia, herriko plazan eta goiko tabernen inguruan.
Horrez gain, egunean zehar, euskara suspertzeko leloak asmatu eta idatzizko dituzte leihoetan zintzilikatzeko. Arratsaldean, eskolako patioan, Ahoa bizi belarria prest eta Euskaraz bizi nahi dut abestiak kantatu eta dantzatuko dituzte.
Liburu aurkezpena
Euskararen Eguneko ekitaldiak antolatzerakoan Haurren aurrean, helduok heldu ekimena izan dute kontuan Euskara Sailekoek. "Ekimen hori kontuan hartuta eguaztenean egin zen Jolas molaz maratoia antolatu genuen", azaldu du Rosa Mondragonek, Euskara teknikariak. Bai nagusiek eta baita umeek ere euskarazko mahai jolasak ezagutzeko tailerra izan zen. Ongizate Sailekoekin elkarlanean, migratzaileak eta euskaldunak ardatz dituen Miñan liburuaren aurkezpena antolatu dute. Abenduaren 9an izango da, eguena, 19:00etan, kultura etxean. Edukiera bete arte sartu ahal izango da jendea, eta Osasun Sailak ezarritako neurriak eta baldintzak bete beharko dira. Amets Arzallus bertsolaria eta idazlea Aramaion izango da Miñan liburua aurkezten eta liburuaren inguruan solasean.
Antzerkia: 'Eta kittorik ez!'
"Urtero antolatzen ditugun ekitaldiak aurten ere izango ditugu: besteak beste, antzerkia eta bikoizketa lehiaketa", dio Mondragonek. Hala, abenduaren 18an, zapatua, Eta kittorik ez! antzerkia egingo dute, 19:30ean. Ane Gebara eta Josune Velez de Mendizabal dira aktoreak. Bi ahizparen arteko istorioak eta sekretuak kontatuko dituzte.
Bikoizketa lehiaketa
Abenduaren 17an, barikua, bikoizketa lehiaketa egingo dute: "Hirugarren aldiz egingo dugu. Umeei, nerabeei eta helduei zuzendutako lehiaketa da". Kultura etxean izango da, eta, orain arteko ekitaldiekin alderatuta, berrikuntza txiki batzuk izango ditu; izan ere, ikus-entzunezko pasarteetan aukera zabalagoa egongo da. Gainera, eskolako umeek Iurgi Etxebarriarekin bikoizketa tailerra egingo dute abenduaren 14an eta 15ean. Mondragonek nabarmendu du ekitaldiokin indarrak hartu nahi dituztela hurrengo urteko Euskaraldirako.